Zortzi sailburuko gobernu parekidea izango du Iñigo Urkullu lehendakariak legealdi honetan. Sei kontseilari alderdikideak izango dira, eta beste biak, berriz, independenteak. Lehendakaritzak atzo arratsaldean jakinarazi zuen nortzuek osatuko duten Urkulluren gobernu taldea, ohar baten bidez. Hauek izango dira Jaurlaritza berriko sailburuak, eta horiek kudeatuko dituzten sailak: Josu Erkoreka izango da Jaurlaritzako bozeramailea eta Justizia eta Administrazio Publikoko sailburua; Arantza Tapia izango da Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburua; Juan Mari Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketakoa; Ricardo Gatzagaetxebarriak Ogasuna eta Finantza Saila kudeatuko du; Cristina Uriartek hartuko du Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultura Saila; Estefania Beltran de Herediak Segurtasuna; Jon Darponek Osasuna eta Ana Isabel Oregik Ingurumena eta Lurralde Politiken saila. Sailburuek astelehenean egingo dute karguen zina, Ajuria Eneko jauregian.
Urkulluren gobernu talde berria osatuko duten zortzi sailburuetatik bi—Cristina Uriarte eta Jon Darpon— independenteak dira, hau da, ez dute alderdiaren karneta. Uriarte Kimika zientzietan doktore da eta EHUko Gipuzkoako kanpuseko errektoreorde ere izandakoa da. Darpon, berriz, Medikuntzan lizentziatua da, eta besteak beste, IMQ klinikoko zuzendaria izan da, eta Basurtuko ospitalean ardura karguak ere izan ditu. Gainerako sailburuak, berriz, EAJko kideak dira, eta karguren bat edo beste dute edo izan dute alderdian. Lau bizkaitarrak dira —Erkoreka, Aburto, Gatzagaetxebarria eta Darpon —, hiru gipuzkoarrak —Tapia, Oregi eta Uriarte— eta beste bat arabarra—Beltran de Heredia—. Gobernatzeko talde euskalduna aukeratu du Urkulluk, Osasun Saila kudeatuko duen Jon Darpon delarik erdaldun bakarra.
Sailburu guztiak 50 urteren bueltan dira, eta politikan eta kudeaketan esperientziadunak badira. Zalantzarik gabe Josu Erkoreka da Urkulluren gobernu taldean aurpegi ezagunena. Espainiako kongresuan diputatu da Erkoreka, eta 2004tik EAJren bozeramaile ere bada ganbera horretan. Berak izango du aurrerantzean proiekzio publikorik handiena, Justizia eta Admnistrazio Publikoko sailburu ez ezik, bozeramaile ere izango baita. Patxi Lopezen gobernuan bezala, Urkulluren taldean ere ez da egongo lehendakariordetzarik, eta, hortaz, pisu politiko nagusiena Erkorekak berak izango du.
EAJren baitan kargu publikoak izan dituzte Arantza Tapia, Juan Mari Aburto, Ricardo Gatzagaetxebarria, Estefania Beltran de Heredia eta Ana Isabel Oregik ere. Tapia Espainiako Kongresuko diputatua da 2011tik, Garraio sailburuorde izan zen eta Gipuzkoako Aldundian Mugikortasun diputatu ere bai. Gipuzkoako zerrendaburu izan da urriaren 21eko bozetan EAJtik. Aburto Bizkaiko Aldundiko bozeramaile izan da orain arte, eta besteak beste, Juan Mari Atutxa Barne sailburuaren taldean lan egin zuen. Gatzagaetxebarria Eusko Legebiltzarreko parlamentaria da 2005etik, eta EAJko senatari ere izan zen 1996tik 2004ra Madrilen. Beltran de Heredia, berriz, legebiltzarkidea da egun, eta Arabako batzarkide eta Nekazaritza diputatu ere izandakoa da, baita ABBko kide ere. Oregi, bestalde, Eusko Jaurlaritzan Etxebizitza zuzendari izan zen, Uren zuzendari ere bai, eta Lurralde Antolamendu eta Uren sailburuordea, 2005ean.
Urkulluk berak iragarri bezala, aurreko gobernuak baino bi sail gutxiago izango ditu Jaurlaritza berriak. Areago, 1979tik sail aldetik osatutako murritzena da oraingoa. Izan ere, departamendu berean uztartuta egongo dira hemendik aurrera Kultura eta Hezkuntza sailak, eta hainbat sailen barruan geratuko dira aurreko gobernuan sail propioa izan duten Nekazaritza, Etxebizitza, Herrilanak edota Garraio departamenduekin lotura duten alorrak.
Gobernu berria ezagututa, hari buruzko iritzia eman zuten segituan alderdiek, atzo. PSE-EEko Jose Antonio Pastorren ustez, Urkulluren sailburuak ez dira «oso distiratsuak» politikoki eta profesionalki. PPko Antonio Basagoitirentzat sailburu denak EAJko kide «peto-petoak» dira, nahiz eta EAJk esan independenteak izango zirela. Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, berriz, garrantzitsuena ez dira izenak, «kudeaketa baizik».
Koalizio gobernua
Gobernu taldea jakinarazi aurretik, Andoni Ortuzar Bizkaiko EAJko presidentea Jaurlaritza berriaren geroaz mintzatu zen atzo Radio Euskadin. Adierazi zuenez, etorkizunean koalizio akordioren bat lortzea ez du baztertzen EAJk, baina zaila ikusten du akordio hori 2015ko udal bozak baino lehenago lortzea. Ortuzarren iritziz, gutxiengoan gobernatzeak ezinbestean eskatuko du «geometria aldakorra» erabiltzea legegintzaldian, eta jeltzaleek «akordio zabalak» bilatuko dituzte «inor baztertu gabe».
Herritarren egiazko premia sozialak aintzat hartuta jarduteko, burujabetzarako urrats «irmoak» emateko eta bakegintzan ere erantzukizunez jokatzeko eskatu zion EH Bilduk. Hala bada, Jaurlaritza berriak «ondoan» izango dituela esan zuten koaliziotik, ohar bidez. Bestalde, PSE-EEk EAJri ohartarazi zion Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak negoziatu baino lehen «ezinbestean» adostu beharko dutela zerga sistemaren erreforma. Jose Antonio Pastor eledunarentzat «premiazkoa» da zerga bilketa «hobetuko» duen erreformari heltzea, eta hori egin aurretik sozialistak ez dira eseriko aurrekontuez hitz egitera.
EAJrekin koalizioa osatzeko aukera, berriz, jeltzaleen «borondatearen» araberakoa izango dela esan zuen Pastorrek. Nolanahi ere, berretsi zuen sozialistak akordiorako prest daudela baldin eta «herri mailako akordioak» lortzeko bada. «PSE-EEren jarduna herritarren interesek gidatuko dute», zehaztu zuen.
Erkoreka ariko da bozeramaile, eta bi independente izango dira Jaurlaritzan
Gobernu berriko sailburuen artean daude Arantza Tapia, Ricardo Gatzagaetxebarria, Juan Mari Aburto eta Ana Isabel OregiZortzi sail ditu Jaurlaritza berriak; parekidea da, eta sailburu ia denak euskaldunak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu