Ezbeharra

Erlezain bat ikertzen ari dira Alesbesen erle eraso batengatik

Zaldi gainean zihoazen lau emakumek jasan zuten erasoa Tafalla inguruan. Lesioak leporatu dizkiote erlezainari erlauntzak jartzeko arauak ez betetzeagatik.

Erleak, aurkitutako 50 erlauntzen inguruan. NAFARROAKO FORUZAINGOA, @POLICIAFORAL_NA
2019ko maiatzaren 6a
07:18
Entzun

Nafarroako Foruzaingoa Alesbesko erlezain bat ikertzen ari da, milaka erlek zaldi gainean zebiltzan lau emakumeri eraso ostean. Foruzainek jaso dutenez, lau emakumeek Tafalla inguruan jasan zuten erasoa, zaldi gainean paseatzen zebiltzala. Etxalde baten ondotik pasatzean eraso zieten, eta, ondorioz, Tafallako osasun etxean artatu behar izan zituzten.

Emakumeetako batek lokazti batean hartu zuen babes, baina, arnasa hartzeko burua handik atera behar zuenez, ezin izan zituen erleen ziztadak saihestu erabat. Beste bat zalditik erori zen, eta orno bat hautsi zuen. Zalditegiko arduradunei deitzea lortu zuten, eta horiek euren gorputzak jantziz estali eta emakumeak lagundu ahal izan zituzten. Zaldiek ere jaso zituzten erleen ziztadak, batik bat bizkarrean, lepoan eta buruan.

Foruzainak joan zirenean, erleek eurei ere eraso zieten. Handik metro batzuetara 50 erlauntza aurkitu zituzten, baina ezin izan ziren autotik jaitsi, eta ezin izan zuten ikusi erlauntzek identifikaziorik zuten edo erleez ohartarazten zuen bide-seinalerik ba ote zen.

Foruzaingoaren Ingurumen Ikerketa Taldea ondoren joan zen, eta, erlezaina identifikatu ondoren, salatu egin zuten erlauntzak bide batetik gutxieneko distantziara ez jartzeagatik eta udalaren beharrezko baimena ez izateagatik. Zalditegiko arduradunek azaldu dutenez, bezperan ez zegoen erlauntzik bide horretan, eta beste bezero batzuekin inolako arazorik gabe zeharkatu zuten. Lesio delitua leporatu diote erlezainari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.