Ernaik «konpromisoa» hartu du Martxoaren 3ko sarraskiaren inguruko transmisio lana egiteko

Sarraskiaren 50. urteurrenean, eskaintza zabala antolatu du gazte antolakundeak Gasteizen.

Ernairen agerraldia, gaur, Gasteizen. BERRIA
Ernairen agerraldia, gaur, Gasteizen. BERRIA
xabier martin
2026ko otsailaren 26a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ernai gazte antolakundeak Gasteizko San Frantzisko elizan egin du agerraldia, 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrenaren harira. «Euskal gazteria independentistari» hurrengo astean kaleak hartzeko deia egin dio. Antolakundeko kideek nabarmendu dute konpromisoa hartzen dutela «herri honen memoria ariketa egin» eta hori gazteriari transmititzeko.

Argi dute badela gazteria independentista antolatua, «euskal herritarren bizi baldintza duinen eta Euskal Herriaren etorkizunaren alde lehen lerroak hartzen dituena»; duela 50 urte egin zuten gisara, orain ere militantzia horretan ikusten dute gaztedia.

Martxoaren 3ko sarraskiaren urteurrenaren testuinguruan, lore eskaintzan parte hartuko du Ernaik. Ikamaren eta Gazte Blokearen mobilizazioetara atxiki direla azaldu dute. Eguerdian, berriz, Gasteizko Auzolana pilotalekuan gazte bazkaria antolatu dute.

Bala berberak

«Irailaren 27an 50 urte bete ziren Txiki eta Angel Otaegi erail zituztenetik. Franco urte bereko azaroaren 20an hil zen, baina erregimen frankistak bere horretan dirau; eta Franco hil eta hilabete gutxira, Gasteizen, duela 50 urteko martxoaren 3an, Txiki eta Otaegi erail zituzten bala berberek erail zituzten Pedro Maria Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda langileak». Horiek 27, 17, 19, 32 eta 30 urte zituzten, hurrenez hurren, eta, Ernaik azpimarratu duenez, «herri duin baten alde borroka egiteagatik erail zituzten Francoren erregimenaren oinordekoak ziren indar armatuek».

Horregatik, gazte antolakundeak dei egin die gazteei martxoaren 3an mobilizatzera. «Goizean goizetik ikastetxe eta unibertsitateak hustera goaz». Eguerdian Ikamak EHUren Arabako campuseko Elurreta eraikinaren parean deitu duen mobilizazioarekin bat egingo du. Halaber, lore eskaintza egingo dute monolitoan bertan, eta 14:00etan gazte bazkaria izango dute Auzolana pilotalekuan. 16:00etan hasiko da ekitaldi politikoa, eta, ordubete geroago, sindikatuek monolitoan antolatutako omenaldira joango dira.

Horren ostean, Gazte Blokeari hasiera emango diote Martxoaren 3 plazatik, eta 18:30ean Katedral Berritik hasiko den herri mobilizazioarekin bat egingo dute. «Bere historia ahazten duen herria hura errepikatzera kondenatuta dagoelako, eta guk, gazte independentistok, ez dugu ahaztuko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.