Ernaik salatu du gazteen prekarizazioak «ondorio lazgarriak» dituela haien buru osasunean

Txosten batean bildu dituzte gazteen bizi kalitatean eragiten duten zortzi eremu. Proposamenak herrietan eta auzoetan zabalduko dituzte hurrengo hilabeteetan.

Ernaik Bilbon egindako agerraldia, gaur. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ernaik Bilbon egindako agerraldia, gaur. ARITZ LOIOLA / FOKU
nerea intxausti
2024ko otsailaren 20a
17:30
Entzun

Euskal Herriko gazteek krisi egoerak «bereziki» pairatzen dituztela ziurtatu du Ernaik, eta horrek haien osasun mentalari kalte egiten diela deitoratu du: «Gazteok arriskuan gaude. Gure belaunaldiak ez du krisia ez den beste egoerarik ezagutu». Eragin hori aztertzen duen txostena argitaratu dute, eta gaur goizean aurkeztu dute, Bilbon. 

Gazteen bizitzan eragina duten zortzi eremu arakatu dituzte: osasun mentala, etxebizitza, enplegua, zaintza, hezkuntza, trantsizio ekosoziala, eskubide zibil eta politikoak, eta bizi ereduak. «Bizi baldintza duinak bermatzeko» eremu horietako bakoitzean hartu beharreko norabidea ere proposatu dute, «egoera iraultzeko». 

Datuez indartu dute lehen eremua: 2021ean, osasun mentalari lotutako kausak izan ziren 15 eta 29 urte bitarteko gazteak ospitaleratzeko laugarren arrazoia, Gazteen Euskal Behatokiaren arabera. Suizidioa jarri dute adibidetzat: 2021ean eta 2022an lehena izan zen heriotza kausen artean, Espainiako Estatistika Institutuaren arabera. Erantsi dute sexuaren eta gaitasun ekonomikoen arabera ere desberdina dela eragina. Horri aurre egiteko, eskatzen dute terapia psikologiko publikoa eta duina ezartzeko, gaixotasun psikosozialak eta suizidioa prebenitzeko, eta zaintza kolektibizatzeko.

Etxebizitzaren auziari ere heldu diote: adierazi dute geroz eta pertsona gutxiagok daukatela bermatuta etxebizitza bat eskuratzea, geroz eta altuagoak direla bai salmentak eta bai alokairuen prezioak, funts putreak etengabe ari direla hedatzen, eta geroz eta auzokide gutxiago bizi direla euren etxeetan, pisu turistikoen gorakadaren eraginez. Arazoa, haien esanetan, etxebizitza merkatuaren logikaren barruan ulertzean datza. Indarrean dagoen diru laguntzen sistemak arazoa «betikotu» egiten duela uste dute. Hori ikusirik, proposatzen dute alokairu soziala indartzea, etxebizitza eredu komunitarioa eta belaunaldien artekoa bultzatzea, alokairuetarako diru sarreren proportzioa %15 izatea gehienez, eta okupazioa despenalizatzea. 

Lan alorrean, gazteen prekarizazioa ere izan dute hizpide txostenean: «Egun, enplegua ez da bizitza duintasunez garatzeko berme bat». Kargu hartzera deitu dituzte «gazteen lan indarrez aberasten diren eta prekarizatzen dituzten enpresariak», eta «elite ekonomikoen mesedetan jarduten duten erakunde publiko zein agintariak». Gainera, zabor kontratuak eteteko eskatu dute, gazteentzako lan poltsa publiko bat sortzeko, eta lan harremanetarako eta babes sozialerako eskumenak eskualdatzeko. 

Zaintza ardatz

Mugimendu feministak azken urteotan azaleratu duen zaintza krisiari buruzko proposamenak ere egin dituzte: zaintza sistema publikoa eta komunitarioa ezartzea, zaintza lanak erdigunera eramatea, eta sare komunitario bat sortzea. Izan ere, zaintza lanen %70 emakumeen esku daudela ohartarazi dute; are, «neska, trans eta bollera gazteek» zaintza lan horiek «modu prekarizatuagoan» egiten dituztela nabarmendu dute, zaintza lanen «merkantilizazioari eta pribatizazioari aurre egiteko mekanismo gutxiago dituztelako». Gizartea geroz eta zaharragoa da, eta aurreratu dute gazteek bitarteko gutxiagorekin moldatu beharko dutela: «Datozen hamarkadetan gehiago izango dira zainduak izan behar duten pertsonak, eta gutxiago zaindu ahalko dutenak». 

Beste hainbat proposamen ere bildu dituzte txostenean: euskal hezkuntza sistema publiko propioa eskatu dute, justizia sozialean oinarritutako trantsizio ekosoziala aldarrikatu dute, eta epe luzeko ikuspegia duten erabakiak eskatu dizkiete erakundeei. Gazteek jarduera zibil eta politikoetan parte hartzeko duten gaitasuna ere aldarrikatu dute, «diskriminazio edo errepresio orotatik libre». 

«Sistemaren erreprodukzio logika elikatzen» duen eredutik kanpo bizi ahal izatea ere defendatu dute: erasorik gabe, ikuspegi kontsumistatik urrun, eta heziketa sexual integral eta feministan oinarritutakoa. 

Bizitza duinak era integralean lortzeko, adierazi dute gazteek euren bizitzetan eragiten duten aldagaien gaineko «erabakimen osoa» behar dutela. Hurrengo hilabeteetan proposamena herrietan eta auzoetan zabaltzen arituko dira; eztabaida bat ere eragin nahi dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.