Odon Elorza Donostiako alkate ohiak eta Ernest Lluch ETAk hildako Espainiako ministroaren beste lagun batzuek antolatuta, haren omenezko ekitaldia egin dute Donostiako Plaza Berrian, gaur, hain zuzen, Lluchen atentatuaren 25. urteurrena bete denean. Sarritan azaldu izan dute nola, Elorzaren mitin batean, Lluchek aurre egin zion PSE-EEko ordezkarien aurka oihuka ari zen talde bati, eta nola esan zien: «Egin garrasi gehiago, garrasi egiten duzuen bitartean ez duzue eta inor hilko».
2000. urteko azaroaren 21ean hil zuen ETAk Ernest Lluch, Bartzelonan, eta, Donostiarekin zuen lotura sakonak bultzaturik, haren memoriaren aldeko lore eskaintza egin dute gaur Elorza alkate ohiak eta harekin batera udalean ibilitako zenbait zinegotzik, hala nola PSE-EEkoek, PPkoek, Podemosekoek eta Donostiako alkate Jon Insausti jeltzaleak. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu Denis Itxaso ere han izan da.
Lluchen ibilbidea gogoratzen hasita, aipatu dute «Donostia eta Euskal Herria maite» zituela, «kultua» zela, «elkarrizketaren aldekoa, eta humanista». Bakearen aldeko lanean inplikatu zela ere erantsi dute, «horretarako beharrik izan gabe». Gainera, Euskal Herria «bakearen aldeko bidean jartzeko formulak bilatzen» aritu zela adierazi dute. Jesus Astigarrak eman du Lluchen izaeraren berri, haren ikasle izandakoa baita, eta, egun, unibertsitateko irakaslea.
Elorza: «Ausartu egin zen»
Elorzak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Memoriaren sailburuorde Arritxu Marañonek Lluchen argazki bat izan dute eskuetan gaurko omenaldian. Miramar Jauregiko lorategiko zuhaitz batean eserita azaltzen da argazki horretan Lluch, Kontxako badiari begira. Irudi hori lurrean ipini, eta haren alboan arrosa gorriak eta zuriak jarri dituzte.
«Gertatutakoa ezin da ahaztu; ETAk hildako pertsona guztien memoriak gure artean jarraitu behar du»
ODON ELORZA Donostiako alkate ohia
Elorzak azpimarratu egin nahi izan du ministro sozialista izandakoak zer-nolako legatua utzi zien hura ezagutu zutenei: «Zintzotasun pertsonala eta intelektuala utzi zigun, gaur egungo politikan askorik ez dagoena». Alkate ohiak esplikatu du «omenaldi xume eta intimo bat» egin nahi izan dutela Lluchen hilketaren 25. urteurrenean, «non-eta garai ia magiko hartan, su eten faltsua gertatu zen garaian, denok pentsatzen genuena esaten ausartu zen leku berean». Jazotakoa ezin dela ahantzi azpimarratu du Elorzak, «ETAk hildako pertsona guztien memoriak gure artean jarrai dezan».
ETAren zenbait biktimaren senitartekoak ere egon dira ekitaldian, esaterako, Juan Mari Jauregiren alargun Maixabel Lasa eta Jose Luis Lopez de la Calleren seme Alain Lopez de la Calle. Biak ala biak Lluch baino hilabete batzuk lehenago hil zituen ETAk. Lluchen alaba Rosa Lluch, berriz, aitaren aurkako atentatuak ekarritako guztiaz aritu zen BERRIArentzat uztailean, Maixabel Lasarekin elkarrizketa luze eta sakon batean.