Babes zabala lortu du Iruñeko Erorien Monumentua eraistearen aldeko ekinbideak. Aukera horren aldeko manifestua aurkeztu dute gaur, udaletxe plazan, eta 120tik gora pertsonak sinatu dute. Besteak beste, memoria historikoaren esparruko ekintzaileak, 1936ko kolpe militarraren eta diktaduraren biktimen senideak, kulturaren esparruko sortzaileak, unibertsitateko irakasleak, historialariak eta hainbat talde politikoko ordezkariak batu dira egitasmora.
Honako hauek dira sinatzaileetako batzuk: Iñaki Alforja zinemagilea, Ignazio Aiestaran EHUko irakaslea, Koldo Amezketa EAko buruzagi ohia, Koldo Amatria Orreaga Fundazioko presidentea, Montxo Armendariz zinemagilea, Tonino Carotone abeslaria, Joseba Ezeolaza CCOOko kidea, Jokin Elarre abokatua, Edurne Egino Ezkerrako zinegotzia, Fermin Balentzia abeslaria, Patxi Irurtzun idazlea, Roldan Jimeno historialaria, Victor Moreno idazlea, Jorge Nagore kazetaria, La Chula Potra rap kantaria, Laura Perez Orain Bai-Ahal Dugu taldeko bozeramailea, Kutxi Romero musikaria, Miguel Sanchez Ostiz idazlea, Jose Luis Uriz PSNko parlamentari izandakoa, Nerea Urbizu abeslaria, El Drogas musikaria eta Tomas Urzainki historialaria.
Manifestuan, Erorien Monumentua botatzeko motiboak aletu dituzte herri mugimenduko kideek. Hiru multzotan sailkatu dituzte: "arrazoi demokratikoak, legalak eta arkitektonikoak".
Eraikina eraisteko motibo demokratikoen artean, honako hau aipatu dute: "Genozidioaren eta altxamendu armatu basatiaren bi buruzagi eta zuzendari nagusiren omenez eginiko hileta panteoi erraldoi gisa diseinatu eta jaso zuen faxismoak Erorien Monumentua. Nafarroan ez zen gerra fronterik izan; hala ere, milaka herritar odol hotzean hil zituzten, ondasunak ostu zizkieten, euren senideak umiliatu zituzten, eta hamarkadaz hamarkada ikara eta isiltasunaz josi zuten herria. Gertaera lazgarri horiek babestu zituzten ideologiak laudatu eta goresten ditu monumentu horrek, baita gizateriaren kontrako krimenen apologia egin ere. Demokrazia batek ez zukeen sekula eraikiko, eta demokrazia batek ez luke zutik iraunarazi behar".
Legezko arrazoiei dagokionez, Memoria Historikoaren 52/2007 aipatzen dute manifestuaren sinatzaileek. Izan ere, lege horren arabera, diktadura goresten duten monumentu eta ikur guztiak kendu behar dira. "Kontuan hartzekoa da, kasu honetan, monumentua bere osotasunean eraikia dagoela altxamendu militarrari, Gerra Zibilari eta Frankoren diktadurari gorazarre egiteko xedearekin".
Azkenik, hirigintzari eta arkitekturari lotutako arrazoien artean, manifestuan aipatzen da eraikinari ezin zaiola bestelako erabilerarik eman: "Hileta monumentu gisa erabiltzeko diseinatu zuten; horretarako eraiki zuten, eta ez beste ezertarako. Barruan ez dago bizitzarik, eta inguruan duen presentziak erabat baldintzatzen du eremu horren erabilera".
Horregatik, eraikina botatzeko eskatu diete erakunde publikoei; hala nola Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari.