Gizarteak bere egin duela Tabakoaren Legea, «ia erabat» betetzen direla debekuak. Araua indarrean jarri eta bi hilabete bete direnean, egoerari buruzko ikerketa baten datuak eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Ondorio argia du azterketak: salbuespena dira urratzeak, eta goizaldeko orduetan gertatzen dira: lau dantzalekutik batean erre izanaren arrastoak topatu dituzte. Datuak eskuan egin du balantzea Rafael Bengoak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak: «Hau ondo doa».
Behaketa anonimoak eta telefono bidezko inkestak baliatuta egin zuten ikerketa, urtarrileko azken bi asteetan. Jende gutxi ikusi dute erretzen. Gutxien, hotel, joko areto eta frontoietan: aretoen %98,6an erabat betetzen dute legea; jatetxeen %98,5ek betetzen dute araua; gutxien, berriz, tabernetan, pubetan eta dantzalekuetan betetzen da: %96k jarraitzen dute Tabakoaren Legea.
Goizaldean, festa giroan, dute hutsunea tabernek eta diskotekek. «Badirudi dibertsioari eta alkoholari lotzen zaiola erretzea», esan du Eusko Jaurlaritzako Droga Gaietarako zuzendari Celina Peredak. Bi datu, horren adierazgarri: gauez gertatzen dira legearen urratze gehienak —%12,8k ez dute legea errespetatzen—; eta dantzalekuen kasuan adierazgarria da igoera: aretoen %16,3an erretzen dute, eta lau dantzalekutik batean, %26,5ean, erre izanaren zantzuak aurkitu dituzte —norbait erretzen edo zigarrokinak lurrean—. «Gaueko aisialdi guneetako langileak hezten jarraitu behar dugu, ardurazko zerbitzua eman dezaten», dio Peredak. Langileek betetzen dute legea; %1,6k utzi dute erretzen. Hautsontzirik ere apenas dagoen: ehun lokaletik bitan.
Hoteletan, oro har, legea betetzen dela esan du Jaurlaritzak, baina lausoa dela egoera. Legeak dio gehienez hamar gelatik hirutan erre daitekeela; hotelen erdietan baino gehiagotan, ordea, ez dute zehazten non erre daitekeen.
Arazo horiez gaindi, normaltasuna nabarmendu du Peredak; adibide, pilotalekuak. Hamar frontoitik bederatzitan ez du erretzailerik ikusi Jaurlaritzak. «Arazo handia izango zela zirudien, baina legea betetzen ari dira».
Ostalariak, ezkor negozioaz
Eta zer diote jatetxeek egoerari buruz? Erdiek uste dute negozioari kalte egin diola Tabakoaren Legeak, eta bostetik batek bezeroen kexa jaso du ez dielako erretzen laga; hortaz, langile gehienek, bostetik lauk, ez dute arazorik izan, ikerketa horren arabera.
Ostalaritzako jabeek, ordea, aurrerapausoa ikusi dute lokalaren beraren egoeran. Usainak eta keak uxatu direla diote %84k. Beste kontu bat da zer gertatzen den taberna atarietan. Erdietan baino gehiagotan jendea topatu dute atarian erretzen, eta gehiago gaua hurbildu ahala. Bizilagunek zarata jasan behar dute, beraz.
Tabernetan eta jatetxeetan erretzeko debekua indarrean jarri eta bi hilabetean, 85 salaketa jaso ditu Eusko Jaurlaritzak. Facua kontsumitzaile taldeak jarri ditu gehienak; Ertzaintzak eta Bilboko eta Gasteizko udaltzainek ere egin dituzte. Nolanahi ere, legea hausteagatik ez du inor zigortu Gasteizko gobernuak. «Prebentzioaren eta heziketaren alde egin dugu», adierazi du Peredak, erabakia zuritzeko.
Ordea, iragarri du kontuak aldatuko direla aurrerantzean. «Igaro da denbora bat mundu guztia jakinaren gainean egon dadin erretzeko debekuaz». Hala, salaketa bat baino gehiago izan duten tabernei oharra bidaliko die Eusko Jaurlaritzak, eta, jaramon ez eginez gero, isunak jartzeari ekingo dio. «Ikuskariek beren lanean sartuta daukate jada Tabakoaren Legea bete beharra».
Bengoa sailburua baikor da ikerketaren emaitzak ikusita: «Ez da zigor neurri handiak hartu beharrik izan. Oro har, legea betetzen ari da». Haren iritzian, legeak baino eragin handiagoa du gizartearen beraren egoerak. «Herritarrek ez dute erretzaile pasiboak edo kontsumitzaile manipulatuak izan nahi. Gero eta gehiago zaintzen dute osasuna. Jende asko zegoen nazkatuta».
Erre izanaren zantzuak topatu ditu Jaurlaritzak lau diskotekatik batean
Tabakoaren Legea «ia erabat» betetzen dela azaldu du Osasun Sailak; urratze gehienak goizaldean izaten dira, pub eta diskoteketan85 salaketa jaso ditu Jaurlaritzak orain arte, baina ez du isunik jarri; orain hasiko dela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu