Erreakzioak. Barcina: "Kontzertua ez da pribilegio bat, tradizio bat baizik"

2013ko ekainaren 13a
18:30
Entzun

PSCko idazkari nagusi Pere Navarrok egindako proposamenak erreakzio asko sortu ditu. Espainiako Konstituziotik EAEko eta Nafarroako kontzertu ekonomikoak kendu behar direla esan du.

Yolanda Barcina (Nafarroako presidentea): Bere proposamenarekin atzera egiteko eskatu dio Barcinak Navarrori, eta Nafarroako foru erregimena eta kontzertua errespetatzeko eskatu dio. Eskaera hori, gainera, Espainiako Kongresuko alderdi guztiei egin die. Kontzertua ez dela pribilegio bat adierazi du, "tradizio bat" baizik. "Katalunia da beti bere mesedetan aldaketak egin nahi dituena". 

Andoni Ortuzar (EAJ): "Astakeria bat" da EBBko presidentearentzat. Espero du "erabateko ezjakintasunaren ondorio" izatea adierazpenok, eta ez azterketa politiko batetik eratorritakoak. "Minduta" dago bereziki Kataluniatik eta sozialistengandik etorritakoa delako, eta Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiari eskatu dio "sutsuki" defenda dezala kontzertu ekonomikoa. 

Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu): "Espainiako Gobernuko politika neoliberalei aurre egiteko subiranotasun gehiago" eskatu du EH Bilduko legebiltzarkideak, adierazpen horien harira. Haren ustez, eztabaida ez da kontzertu ekonomikoa bai ala ez. Euskal Herriak "bere konponbideak eta horretarako mekanismoak bilatu behar ditu erabakitzeko".

Patxi Zabaleta (Aralar-NaBai): "Zentzugabekeria bat da. Zuzenbide oinarrizkoaren ikuspuntutik aldrebeskeria bat". Euskal herritarrek ez dute "mesederik" jaso, "jatorrizko eskubide bat da, eskubide historiko bat". Harentzat beharrezkoa da hura mantentzea, eta "ezin dira onartu kanpotik esku hartzeko ahaleginak".

Manu Aierdi (Geroa Bai): "Kezka izugarria" sortu dio Aierdiri, horrelakoak aurrerantzean ere izango direla uste duelako: "Hasi besterik ez dira egin, baina hala jarraituko dute. UPDn ikusi dugu, PPn ere bai, eta orain PSCn". Nafarroarentzat auzi garrantzitsua dela uste du, eta "oso adi" egon behar dutela kontzertu ekonomikoaren gainean gertatzen den guztiaren gainean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.