Erlijioak eskolan behar duen tokiari buruzko eztabaida pil-pilean dagoela, hedabideen aurrera agertu da gaur Jose Ignacio Munilla Gipuzkoako Elizbarrutiko gotzaina, irakasle batek eta bi gurasok babestuta. Erreformari buruz ez du hitz egin; Eusko Jaurlaritzak Erlijioa ikasgaiari buruz irailean egitekoak dituen aldaketak hartu ditu hizpide, eta eskatu du ordezko ikasgaiak ere curriculuma izan dezala, "benetako ikasgaia izan dadin". Modu horretan, erreforma indarrean jarri aurretik "aitzindari" izango lirateke Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, haren arabera. "Aukera ederra dugu erreformaren zain egon gabe erlijioaren tokia normalizatzeko. Zerbitzu ederra egingo diogu gizarteari".
Espainiako Auzitegi Gorenak joan den udan emandako epai bat hartu du ahotan Munillak. Jaurlaritzak Batxilergoan erlijioa arautzeko egindako dekretua bertan behera utzi zuen auzitegiak; ordezkorik ez zion jarri Hezkuntza Sailak ikasgai horri, eta eskola askotan ostiraleko azken orduan jarri zuten erlijioko eskola —aukeratu ez zutenak etxera joateko aukeran ziren—. Matrikulazioak nabarmen egin du behera harrezkero Batxilergoan, beste irakats-aldietan baino askoz ere gehiago. Hori egitea legearen aurkakoa dela esan zuen Gorenak, eta irailetik aurrera erlijioa eta haren ordezkoa, biak, egongo direla eskoletan.
Hori bermatzeko neurriak hartzeko eskatu diote Hezkuntza Sailari. Azken urteetako salaketa berbera egin dute gaur: "eskola askotan" gurasoei "presio" egiten dietela erlijioan izena ez emateko. Zuzendaritzako arduradunek gurasoei deitzen dietela aipatu dute, besteak beste. "Irregulartasunak" gertatzen direla badaki Jaurlaritzak, Munillaren esanetan —"guk ematen diegu horren berri"—, eta salatu du azken asteetan "intsumisiorako deiak" egiten ari direla elkarte batzuk. "Garaia da antiklerikalismotik esnatzeko, errealitatea ikustea galarazten baitu".