Herri orok errefuxiatuen auzian duen ardura mahai gainean jarri dute Teresa Burgik (Paperak Denontzat), Beatriz Villahizanek (SOS Arrazakeria) eta Adriana Goikoetxeak (Amnesty International), Nafarroako Parlamentuan. Siriatik ihesean atera diren errefuxiatuak izan dituzte mintzagai, batez ere. Gogoratu dute lau milioi pertsona atera direla herri horretatik, eta bertze zazpi milioi pertsonak herri barruan toki batetik bertzera mugitu behar izan dutela. Segurtasuna eta babesa behar dutela nabarmendu dute, eta hori ematea ez dela laguntzea, baizik eta dituzten eskubideak betetzea. Europako Batasunaren jarrera gogor kritikatu dute. Iheslarien aurkako indarkeria salatu, eta eraikitako hesiak bertan behera uzteko exijitu dute.
Nafarroako Parlamentuak ere zer egin baduela gogoratu dute, eta eskatu diote Espainiako Gobernuari galdegin diezaiola errefuxiatuen eskubideak betetzeko, haientzako ibilbide seguruak zehazteko, eta dagokion errefuxiatu kopurua hartzeko. Nafarroako Gobernuak 300 iheslari hartzeko konpromisoa agertu du. Hori gogoratu du Geroa Baiko parlamentari Isabel Aranburuk. Amnesty International erakundeko Adriana Goikoetxeak argi erran du kopuru hori "motz" gelditzen dela, "nabarmen".
Taldeek bat egin dute Goikoetxearekin eta bertze hizlariekin. Hainbatek ezadostasunak jarri dituzte mahai gainean, hala ere. UPNko Monica Domenech parlamentariak erran dio Paperak Denontzat elkarteko Teresa Burgiri dirua behar dela denei paperak emateko. "Arrazoia duzu; dirua behar da. Eta dirua bada, kontua da zertan gastatzen den. Pertsonei eman behar zaie lehentasuna", erantzun dio. Migratzaileak eta errefuxiatuak bereiztu ditu UPNko kideak, bai eta PSNko eta PPNko ordezkariek ere. Hiru taldeok, gainera, migrazioa kontrolatzeko neurrien beharra nabarmendu dute. SOS Arrazakeria erakundeko Beatriz Villahizanek argi utzi du egungo legeek migratzaileen eskubideak urratzen dituztela.