Anjel Lertxundi.

Erregimena

2025eko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxeko atean jo zuten goizeko zazpiak aldera, makarrak begietan zabaldu nuen atea. Etxepean bizi zen emakume bat zen xanpain botila bat besapean. «Franco hil da! Hau eguerdirako duzue, e?», eta sukaldeko mahaian utzi zuen botila. Orduan eta gaur saiatzen naiz ez txalotzen inoren heriotza, baina egun hartan «kabroiak bazinan garaia!» atera zitzaidan. Hilabete doi zen diktadoreak bere bizitzako azken krimenak agindu zituela.

Irratia piztu, eta kafea gailetekin gosaldu genuen, esatarien hitz-mulkoak eta malko-hotsak entzunez.

Joan zen mendeko eta mendebaleko gerrek eta diktadurek kultura-edo berri bat sortu zuten estatuaren ideologia markatuz eguneroko bizitzan eta kultura xumeenean ere. Hizkuntzatik hasita, estatu totalitarioen ideologiak kontrolatzen zuen guztia, baita Franco erlijioaren gainetik jartzeraino ere apezpikuen paliopean paseatuz.

«Ez ziren jada debateak egiten [poliziaren] kontrolak baizik», dio Imre Kérteszek Hizkuntza exiliatua liburuan Bigarren Mundu Gerra osteko Hungaria komunistaz. Halaxe bizi genuen txikitatik erregimen frankista.

(ID_17618300387045) Anjel Lertxundi
Anjel Lertxundi

Erregimena, edo estatu bat gobernatzeko era: erregimen monarkikoa, sozialista, demokratikoa, totalitarioa… Horiek eta gehiago dira estatu baten eredu politiko posibleak. Frankismoa deitzen zitzaion —eta zaio— gerra osteko espainiar erregimenari. Horra egolatra baten frankizia bere izenarekin bataiatua, totalitarismoa edo faxista bezalako hitzak baztertuz. Erregimena: adjektiborik gabe, edukirik gabeko nebulosa bat bihur zitekeen, baina primeran zetorkion frankista gisa nabarmendu nahi ez zuen enpresari, kazetari, burges arruntari. Azken finean sinonimoak ziren frankista eta erregimena, baina negozioak agintzen du, amigo. Orduko zein gaurko frankista petoarentzat zein hipokritarentzat. Ez zegoen eta ez dago esaten jardun beharrik erregimena diktadorea edo faxista edo autokrata den: Franco da erregimenaren buru eta arima, «Espainia bat, handi eta librea» da ontzia gobernatzeko lema.

«Motel, motel, hizketa herdoilduko zaik!», bota zidan osaba batek, baserritarra bera. Hamasei bat urte nituen, gaztelaniaz idazten nuen, moteltzen hasia zitzaidan euskarazko jarduna: osabaren abisuak zioen bezala, deserrotzen ari nintzen pixkana-pitinka. Ia airea aurpegian sentitzen duzun bezain oharkabean eragin zidan osabaren esanak, gero eta indar gehiago hartzen hasi zitzaidan euskara entzuteko eta hitz egiteko premia. Gerrak eta diktadura frankistak zapaldutako eskubideen eta pertsonen alde jardutea zen erakartzen ninduen soka, baina euskaraz idazteko motibazioak ez nituen soilik politikoak izan. Nire belaunaldiko askoren kasuan bezala, nik ere berrikuntza estetikoa bilatzen nuen, benetakotasuna eman nahi nion neure ahotsari. Euskal munduaren bizi-berritze kultural gartsu baten erdian erabaki nuen euskaraz idatzi behar nuela.

Kulturak aske egingo omen gintuen. Sinetsi ez sinetsi, orduko girotik, kulturgintzak gordetzen du askatasunaren distira gehien. Arte plastikoetan, literaturan, antzerkian, kantuan, dantzan, zinemaren inguruan ikusten nuen eta dut kultura berritzeko eta euskara sendotzeko gogorik gardenena.

Franco hil aurretik, hogei urte betetzear eta zalantza handien ostean, Erromara joan nintzen urtebetez ikasle. Ez nuen inondik ere espero bertako giroak egin zidan oparia, begirada soziopolitikoan, ikuspegi kulturalean. Ia egunik galdu gabe joaten nintzen Unibertsitatera, baina hori ez zen eragozpen nire denbora libre laburra aprobetxatzeko, batez ere asteburuetan. Erromara joan aurretik idazten hasitako Hunik arrats artean nire lehen liburua bukatzeko beta eman zidan (bertako ipuin batzuek asko zor diote Erromari), baina, batez ere, eguneroko giro irekiaren eta debate politiko librearen pagotxa ezagutu eta bizi izan nuen. Democrazia hitza erabiltzen zuten, regime hitzak Mussolini gogoratuko ziela pasatzen zitzaidan burutik.

Erromatik itzuli nintzenean ere «Hilko ahal da halako batean!», esaten segitzen genuen diktadorearengatik. Hil zen halako batez, baina erregimen frankista ez zen inondik ere guztiz hil: monarkia oparitua zion etorkizunari. Ez zituzten ukitu eliza eta armada, apenas molestatu zuten justizia eta dirua. Trantsizioa deitu zioten Aldaketa behar zuenari. Erregimen frankista guztiz lurperatzeko txinta gutxi entzuten zen eta da «Espainia bat, handi eta librean».

Franco hil zen egunean auzoko lagunak ekarritako xanpainarekin bazkaldu genuen etxean. Ez genekien ondo Francoren zenbat loturekin egingo genuen estropezu. Eta etorriko zaizkigunak.

 

Literaturan mende erditik gorako ibilbide oparoa egin du Anjel Lertxundi Esnalek (Orio, Gipuzkoa, 1948); haur eta gazte literaturaren, nobelagintzaren eta saiakeraren arloan, nagusiki. Euskadi Literatura saria irabazi zuen 1999an 'Argizariaren egunak' eleberriarengatik, eta 2010ean Espainiako Literatura saria, 'Eskarmentuaren paperak' liburuagatik. Euskal Idazleen Elkartearen sorreran presidente izan zen (1982-1985), eta, prentsan, zutabegile aritu zen urteetan BERRIAn. Ohorezko euskaltzaina da 2021etik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.