Bilboko Errekalde auzoko bizilagunen elkarteak atzera bota du Udalak Kukutza Gaztetxea beste norabaitera lekuz aldatzeko egin duen proposamena. Auzo elkartea Ricardo Barkala Hirigintza zinegotziarekin bildu da gaur, eta esan diote ez daudela prest Kukutza beste inora eramateko.
Bizilagunek Udalari alokairu bat ordaintzea proposatu diote, Kukutzak gaur egun dagoen lekuan jarraitu ahal izan dezan. "Ez dago gaur egungo eraikina ez den beste aukerarik. Ez dugu trukerik onartuko. Kukutzari eutsi egin behar zaio", esan du Igor Ahedo Errekalde auzoko bizilagunen elkarteko bozeramailteak.
Barkalak auzokideei esan die ez dutela legezkoa ez den ezer egingo. Bi aldeak biltzen jarraitzeko asmoa azaldu dute konponbide bat aurkitzeko, baina Barkalak esan du "oso zaila" dela aurrera egitea auzokideak "tematuta" daudelako.
Kukutza dagoen eraikina Cabisa enpresarena da, eta Ertzaintzak aste honetan jaso du Gaztetxea husteko agindua. Asteartean hainbat lagunek gaua pasa zuten Kukutzan, eta asteazkenean eta ostegunean, hurrenez hurren, Zea Mays eta Anje Duhaldek jo dute.
Asteazkenean, gainera, hainbat gazte Bilboko udaletxean sartu ziren Iñaki Azkunarekin biltzeko asmoz, baina horrek bilera ukatu zien. Barkalak gaur esan du Udalaren esku hartzea auzi honetan amaitu dela, jabetza pribatua duelako eraikinak.