Soldatatik kendu dieten zatia berreskuratzeko, erreklamazioak jartzeari ekingo diote Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeetako langileek. Finean, lan hitzarmena betetzeko eskatuko dute. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoi eman die, eta legez kanpoko jo du patronalak haien soldata jaitsi izana. Eusko Jaurlaritzak itunpeko ikastetxeei ematen dien diru saila apaldu ondoren hartu zuen erabaki hori patronalak. Auziaren jatorria Eusko Jaurlaritzaren murrizketak izanik, langileek nahi dute hura egitea erantzule subsidiario. Gaur goizean egin du iragarpen hori ELA sindikatuak.
Itunpeko eskoletako ordezkariek helegitea jarriko dutela iragarria dute. Haien arabera, soldatak osorik ordaintzeak arriskuan jarriko ditu hainbat eskola. Hori egiaz hala dela frogatzeko eskatu dute ELAko ordezkariek, eta errekurtsoa jartzea deitoratu dute. "Gatazkaren hasieran patronalak esan zuen soldata itzuliko zuela epaitegiek arrazoia kentzen bazioten". Sindikatuaren esanetan, patronalak orain sindikatuei leporatu nahi die egoera okertzea. "ELAri egozten diote zentroak ixteko edo langileak kaleratzeko asmoa izatea". ELAk uste du "patronalaren estrategia" dela hori: "Bere kontuetan eraginik ez izatea eta murrizketen pisu osoa langileen gain erortzea nahi du patronalak".
Eusko Jaurlaritzari ere eskatu dizkiote kontuak. Langileen arabera, Espainiako Gobernuak agindutako murrizketek ez zuten agintzen itunpeko eskoletarako sailak gutxitzeko. "Murriztearen erabakia Eusko Jaurlaritzak bere kabuz hartu zuen". Horregatik, erantzule subsidiario izateko eskatuko diote Gasteizko gobernuari.