Errenteriako (Gipuzkoa) familia batek etxegabetze agindua jaso du heldu den ortzegunerako, Kaleratzeak Stop plataformak salatu duenez. Plataforma horrek berak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur goizean, etxegabetzea bertan behera utz dezatela exijitzeko.
Plataformak esplikatu duenez, alokairuan bizi da familia hori —adingabe bat tarteko—, eta Donostiako epaitegi batek agindu du etxegabetzea. Erabaki hori, baina, «ez da bidezkoa», plataformaren irudiko; izan ere, familiaren zaurgarritasun egoera ez dute kontuan hartu, Gipuzkoatik kanpo «jabetzak» dituela argudiatuta.
Hori gezurtatu egin du Kaleratzeak Stop plataformak: epaileak dio familiako kide batek hiru jabetza dituela bere izenean; ordea, plataformaren arabera, jabetza horiek familiako kide baten «izen eta abizen berak» dituen pertsona batenak dira. Are, jabetza horiek 60ko hamarkadan erregistratu ziren —etxegabetu nahi duten emakumea ez zen jaioa—, eta pertsona horrek ez zuen bere NAN zenbakia aurkeztu.