Gipuzkoa

Errenterian, Andoainen eta Lasarte-Orian Bilduk hartu ditu alkatetzak

PSE-EEk Gipuzkoan zituen gotorlekuetako nagusienak galdu ditu. Beasainen, Tolosan, Azkoitian, Zarautzen, Orion, eta Pasaian ere hartu du alkatetza koalizioak.

2011ko ekainaren 11
16:59
Entzun

Julen Mendoza Bilduko hautagaia izango da datozen lau urteetan Errenteriako alkate. Koalizioa izan zen zerrenda bozkatuena maiatzaren 22ko hauteskundeetan, eta PSE-EEk gaur Gipuzkoan zuen gotorleku nagusienetako bat galdu du. Andoainen Ana Carrere hautatu dute alkate, Estanis Amutxastegi PSE-EEko hautagaitzaren kaltetan. EAJko zinegotziek zuri bozkatu dute, eta ez diote babesik eman Amutxastegiri.

Errenteriako bozketan ere boto zuriak egon dira Julen Etxeberria Berriako kazetariak Berriketan.info sare sozialean azaldu duenez. Hitza hartu duenean, Mendozak eskerrak eman eta aldaketa behar dela nabarmendu du: ”Herri honek erabakitzeko eskubidea du. Eta herri honek gero eta gertuago du helburu hori”.

Lasarte-Orian Bilduk alkatetza kendu dio PSE-EEri. Pablo Barrio koalizioaren alkategaia aukeratu dute gaur goizean alkate, Bilduren botoez gain, EAJren eta herri hautagaitzarenak ere jasota. Bederatzi boto jaso ditu guztira Barriok, eta PSE-EEri Gipuzkoan zuen gotorlekuetako bat kendu dio, hauteskundeak alderdi horrek irabazi zituen arren. Jesus Maria Zaballos PSE-EEren hautagaiak bere alderdiaren zazpi hautagaien botoak eta PPren bakarra jaso du.

Tolosan, Beasainen eta Zarautzen Aralarren babesa jaso du Bilduk

PSE-EEren gotorlekuekin bezala, EAJrenak ziren beste batzuk ere bereganatu ditu Bilduk, batez ere ez duelako PSE-EEko eta PPko botorik jaso. Kasu hori da Beasaingoa. Koldo Agirre Bilduren hautagaia izendatu dute alkate, Aralarren zinegotziaren babesarekin. PSE-EEk eta PPk ez diote babesa eman Aitor Aldasoro EAJko hautagaiari eta Hamaikabatekoak zuri bozkatu du.

Tolosan ere jeltzaleek agur esan diote alkatetzari. Bilduk Aralarren babesa jaso du Tolosan, eta trukean gobernuan sartuko dira koalizioko zinegotziekin batera. Ibai Iriartek hartu du aginte makila.

Azkoitian ere Bilduk hartu du alkatetza. Koalizioaren hautagaiak euren zortzi botoak jaso ditu, eta EAJrenak alderdiaren seiak. Orain arte EAJ izan da agintean Azkoitian, baina gaur ez du nahikoa babes jaso. Azkoitia Bai hautagaitzako zinegotzi batek bere burua bozkatu du, eta beste batek boto zuria eman du. PSE-EEko hautagaiak bere burua bozkatu du.

Zarautzen gehiengo osoa lortu du Bilduk, Aralarren babesarekin. Hala Juan Luis Illarramendi izango da alkatea, jasotako 11 botoekin –Bilduko bederatzi eta Aralarreko bi-. Gainontzeko alderdiek beren hautagaien alde egin dute. EAJk sei boto izan ditu, PSE-EEk hiru, eta PPk bakarra. Udalbatzarra itxia izan da, eta gonbidapenarekin soilik sar zitekeen aretoan. Hala ere, megafonia jarri dute, eta jendeak udaletxe kanpotik entzun du batzarra. Hamakaibat alderdiak zuen orain arte alkatetza, baina legegintzaldi honetan ez du ordezkaririk izango.

Orion Beñat Solaberrietan Bilduko hautagaia aukeratu dute alkate, koalizioaren bost botoekin eta Orain plataformaren biekin. EAJko zerrendaburu eta azken agintaldiko alkate Jon Redondok sei boto jaso ditu, bere alderdikideek emandakoa. Eskualdeko udalbatza eraketa goiztiarrena izan da Oriokoa. Ekitaldiari 08:30ean ekin badiote ere, udal batzar aretoa herritarrez bete da; askok tente jarraitu behar izan dute alkate aukeraketa. 

Urretxun ere Bilduko alkatea izango dute, zerrenda bozkatuena izan ondoren. Oihane Zabaletak hartu du aginte makila, eta herriak izan duen lehen emakume alkatea bihrtu da. Alderdi bakoitzak bere burua bozkatu du. Zabaletak herritarrei udaletxeko ateak "zabalik" dituztela esan die, eta gainontzeko alderdiei ere elkarlanerako gogoa azaldu die.

 

Pasaian, Amaia Agairregabiria Bilduko hautagaia alkate

Pasaian Bilduko Amaia Agirregabiria izendatu dute alkate, gehiengo sinplearekin. Ez da adostasunik egon alderdien artean eta alderdi bakoitzak bere alkategaiari eman dio bozka. Hala, Bildu koalizioak zortzi bozka izan ditu, eta Agirregabiriak hartu du aginte makila, pleno aretoan zeuden herritarren txalo artean. 10:00etan puntual hasi da udalbatzarra osatzeko ekitaldia Pasaian, eta ordurako herritarrez lepo zegoen aretoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.