Errepikatutako izenak

Laboa, Zugaza, Lete, Lopez Adan, Letamendia, Sastre. Abizen horiek behin baino gehiagotan azaltzen dira zentsura espedienteetan, MHLIko kideen arabera. Zentsoreen berri ere izan dute.

Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2023ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Zentsuraren katea zentsoreek eta zentsuratuek osatzen dute. Espainiako aparatu instituzionala izan zen zentsorea, eta Hego Euskal Herrian euskaraz idatzitako hainbat liburu izan ziren zentsuratuak, besteak beste. Hala ere, alde batean zein bestean izen-abizenak daude, pertsona jakinak, bizipenak. MHLI Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa taldekoek hainbat izen identifikatu dituzte, zentsura espedienteetan errepikatzen zirenak.

Batetik, Mari Jose Olaziregi katedradunak nabarmendu du zenbait idazle «kriminalizatuak» izan zirela 1975 eta 1983 bitartean. Hiru, nagusiki. Lehena Francisco Letamendia Ortzi Herri Batasuneko kide ohia da. Urte haietan, Euskal Herriaren historiari eta euskal gatazkari buruzko zenbait liburu idatzi zituen. Bigarrena Alfonso Sastre idazlea izan zen. Sei liburu ondu zituen zortzi urte haietan. Hirugarrena Emilio Lopez Adan Beltza da. Euskal abertzaletasunari buruz liburu andana idatzi du, baita garai hartan ere. «Txostenak dira: ez dute zentsuratzeko moduko ezer, baina egilea ezagututa...», deskribatu ditu Olaziregik.

Bestetik, hainbat sortzaileri buruzko informazioa ere topatu dute ikertzaileek, nahiz eta ez den kabitu oraingo liburuan —aztertzeko daukate—. Esaterako, aurkitu duten txosten batean Mikel Laboari buruz jartzen duena kontatu du Olaziregik: «Mikel Laboa igandean mezetara joaten zen, eta orduan izaten zuen polizia bat jarraitzen. Jartzen zuten: 'Laboa jauna eguerdiko mezetara joan da, eta zerarekin hitz egin du. Gorria eta separatista, jakina den moduan, baina Donostiako klase altuko, burgesiako familia batekoa. Ez hain susmagarria'. Harrigarria da, eta hori orain ikusgai dago».

Joan Mari Torrealdaik ez zituen txosten polizial horiek eskura izan, «orain» egin dituztelako publiko. Beste batzuk oraindik ezin dira kontsultatu, «sekretu ofizial» baitira oraindik ere. «Ikus daiteke zenbat diru jarri zuen bakoitzak, nortasun agiri zenbakiekin: bizirik daude batzuk! Ikusten dituzu euskal kulturgintzako titanak: Laboa, [Xabier] Lete, [Leopoldo] Zugaza... Izen oso seinalatuak ageri dira, behin eta berriro —ez argitaletxe batean, proiektu diferenteetan— dirua jartzen», azaldu du Olaziregik.

Zentsoreak

Zentsore gehienek ez zekiten euskaraz, baina zekiten horiek ziren lehen irakurraldia egiten zutenak. Hainbat ohar idazteaz gain, askotan testuak itzuli egiten zituzten, beste zentsore batek irakurri zezan. Albizu anaiak ziren horietako bi; Torrealdaik bazuen haien eta beste zentsore eta irakurle batzuen berri.

«Euskaraz zekiten, separatismoari espresuki begiratzen zioten, baina ez zitzaien inporta garapen literario edo ekarpen existentzialistarik egiten bazuten», azaldu du Ana Gandara MHLIko kideak. Zentsura saihesteko sinbolismoa baliatu zuten idazle askok, baina ez zuten zentsore guztiek ulertzen. Olaziregik esan du Lourdes Iriondoren Buruntza azpian liburua ez zutela «ondo» ulertu, eta, gainera, gaizki itzuli zutela izenburua: Bajo el tridente [Hiruhortz azpian] idatzi zuten. Hori ez da adibide bakarra. Eneko Aritza El roble de Eneko [Enekoren haritza] moduan itzuli zuten gazteleraz behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.