Erresuma Batuak hilabete honetarako, apirilaren 12rako zehazki, talde immunitatea lor dezakeela kaleratu du UCL University College Londoneko ikerketa batek. Izan ere, herrialdean biztanleria helduaren erdia baino gehiago txertatu dute jada, eta horri kutsatzeen ondorioz garatutako immunitatea gehituz gero, datorren asterako biztanleria helduaren %73,4k immunitatea garatuko duela ondorioztatu dute. Kopuru hori «nahikoa» dela uste dute adituek, txertatu gabeko pertsonak ere babesteko.
Azken datuen arabera, 31 milioi laguni baino gehiagori jarri diete txertoaren lehen dosia, eta bost milioik baino gehiagok egin dute ziklo osoa. «Biztanleria helduaren %50 baino gehiago izan dira txertatuak», azaldu du Karl Friston UCLko adituak. Horrez gain, birusaren kalteak gogor pairatutako herrialdea izaki, biztanleriaren ehuneko «handi batek» pasatu du gaitza. Horrek ere bermatuko du immunitatea are hedatuagoa egotea.
Pfizerren eta AstraZenecaren txertoekin egin dute kanpaina herrialdean, baina Galesek Modernaren txertoak erabiltzeari ere ekin dio asteon. Dena den, EMAk AstraZenecaren eta tronbosien arteko «lotura posiblea» baieztatu eta gero, txerto hori 30 urtetik beherakoekin ez erabiltzeko gomendioa eman du gobernuak.
Talde immunitaterako aurreikusi duten datak bat egingo du herrialdeko neurrien leuntzearekin. Izan ere, urtarrilean konfinamendua ezarri zuen gobernuak; martxoaren 29an kendu zuten. Datorren astelehenetik aurrera, funtsezkoak ez diren negozioak, ile apaindegiak, estetika zentroak eta gimnasioak zabalduko dituzte berriz. Nazioarteko hegaldiak hirugarren fasean berrezartzea espero dute; maiatzaren 17an hastea aurreikusi dute.