Sutea Donostian

Errotaburuko sutetik falta zen zaindaria hilotz aurkitu dute

Arratsaldeko 15:30ak aldera Donostiako Miramon auzoan hilotz aurkitu dute herenegundik, Gipuzkoako Foru Ogasunaren egoitzako sutea hasi zenetik, falta zen M.A.O. eraikineko zaindaria. Bala zulo bat du bularraldean, eta ondoan arma aurkitu dutela agertu dute Ertzaintzako iturriek. Gipuzkoako Diputazioak Errotaburuko sutea eta eraikin hartan hilda agertu zen zaindariaren heriotza M.A.Ok eragin zituela iradoki zuen atzo.

2005eko ekainaren 14a
17:35
Entzun
42 urteko M.A.O.ren gorpua Miramonen, Mikeletegi kaleko 45. atariaren parean —hau da, Kutxaespazio Donostiako Zientzia Museoaren alboan— aurkitu dute, ikerketako iturriek agertu dutenez, museoko zaindariak. Han dagoen BERRIAko kazetariak, berriz, edizio digital honi agertu dio ertzainek aipatu dutela futbolean ari ziren haur batzuk topatu dutela gorpua, eta haiek Kutxaespazioko zaindariarengana jo dutela. Bala zulo bat dauka gorpuak, bularraldean, eta ondoan pistola bat agertu dela azaldu dute Ertzaintzako iturriek. Bere buruaz beste egin ote duen aztertzen ari dira.

Hain zuzen ere, pistola batalta zen gertakari larri hauek hasi zirenetik: Ogasunaren egoitzan atzo hilotz topatu zuten Florencio Parrak gaur hilik topatu duten M.A.O.ri txanda aldaketan eman behar ziona. Ikerketako iturriek ez dute argitu pistola hori den.

Gipuzkoako Diputazioak sutearen eta hilketaren inguruan atzo zabaldutako hipotesiaren arabera, gaur hilda aurkitutako M.A.O.k hil zuen Florencio Parra lankide eta nagusia, hain justu, laneko liskarrak tarteko zirela. Gero, sutearen bidez hilketa estaltzen saiatu eta ihes egin zuen.

Nolanahi ere, hipotesi horren inguruko zenbait gertakari argitzeke zeuden, eta M.A.O.ren heriotzaren nondik norakoek oraindik eta argi-ilun gehiago sor ditzakete.

M.A.O.ren gorpua aurkitu aurretik, gaur eguerdiko ordubata aldera haren etxera, Donostiako Ategorrieta etorbidean, sartu da Ertzaintza atxilotzeko agindu judizial batekin.Etxe horretan ez dute inor aurkitu, ordea.

Eraikina konpontzeko urte eta erdi

Bestalde, eraikina guztiz konpontzeko urte eta erdi beharko dela esan du Gipuzkoako Ahaldun nagusi Jose Joan Gonzalez Txabarrik. Bien bitartean zerbitzu hori nola eman erabakitzeko bilduta daude Gipuzkoako Diputatuen kontseiluko kideak. Han lan egiten zuten 314 lagunek toki berria behar dute lanerako, eta eguerdian bilduko dira Diputazioko ordezkariekin, beraien egoera aztertzeko.

Eraikina "suntsituta" dagoela jakinarazi du Gonzalez Txabarrik, eta beraz, solairu bakoitza banan-banan konpondu beharko da. Nolanahi ere, azaldu duenez, eraikinaren estruktura eta "blindatutako" lekuak "lehen bezala" daude. Obrak egiten hasi aurretik, ordea, aseguru etxeekin akordioa lortu beharko dutela nabarmendu du.

Orain, eskaintza asko ari direla jasotzen nabarmendu du Gonzalez Txabarrik, eta guztien elkartasuna eskertu du. Hala ere, oraindik ez dute erabaki langileak nora joango diren, eta gaur bertan egingo dute bilera, horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.