Bizkaiko Probintzia Auzitegiak erruduntzat jo du osaba aizkoraz hiltzeaz akusatu zuten gizona. 2020ko maiatzean hil zuen, Zornotzan. Hiltzaileak azpikeriaz jokatu zuen; epaimahaiakebatzi du «eraso planifikatu» bat izan dela, eta «ezustean» harrapatu zuela biktima: «[Hiltzaileak] Bazekien zer egingo zuen, eta egin egin zuen».
Ekainean hasi zen epaiketa, eta lehen saioan berretsi zuen akusatuak 66 urteko osaba jo zuela aizkoraren atzeko partearekin, hura baratzean zela. Biktima ospitaleratu egin zuten, eta hiru egun geroago zendu zen. Erruduna behin-behineko espetxealdian izan da ordutik.
Fiskaltza, akusazio partikularra eta defentsa bat etorri dira, eta hemezortzi urteko espetxealdia eskatu dute. Fiskaltzak hasieran 20 urteko zigorra eskatu zuen; akusazio partikularrak, 22 —gainera, kalte ordainen eskaera ere jaitsi du, 30.000 eurotik 20.000ra—. Epaiaren zain gelditu da epaiketa.