Gehiegizkoa, iraunkorra eta ondorio kaltegarriduna». Drogen kontsumoak halakoxea behar du izan mendekotasunaz mintzatzeko. Lurdes Ortigosa psikologo klinikoak egin du definizioa, drogen inguruko prebentzio eta tratamendurako Agipad elkarteko arreta psikosozialeko zerbitzuko zuzendariak. «Kontsumoa konpultsiboa izaten da; kalterako bada ere, droga hartzen jarraitzen du mendeko pertsonak». 1980ko hamarraldian —heroinak gazte ugari mendean hartu zituen sasoi zail eta ilunean— lanean hasitakoa da, eta ordutik mendeko pertsonei laguntza emateko egiten diren terapien eboluzioa ikusi du. «Esaterako, garunaren funtzionamenduari buruzko informazio gero eta gehiago eskuratu dugu neurozientzien bidez», azaldu du. Gero eta argiago azaldu da, halaber, buruko eritasunen eta mendekotasunen arteko lotura. «Erruz hitz egiten da orain patologia dualaz, baina klinikook aspaldi erreparatu genion mendekotasunen eta buruko gaitzen arteko loturari». Egun tratamendu «pertsonalizatuak» eskaintzera jotzen dutela esplikatu du, eta osoak: «Alde psikologikoa aintzakotzat hartu behar da, baina soziala ere bai. Eta komunitate guztiak parte hartu behar du».
Eusebio de la Huerda ere psikologoa da; Gizakia Helburuk Hernanin (Gipuzkoa) duen egoitzan dihardu, eta 80ko hamarraldian lanean hasitakoa da bera ere. «Heroinaren kontsumoa eta GIBa batera etorri ziren ia; egoera gogorrak ekarri zituzten. Ordutikasko aldatu da dena». Azaldu du aski egoera ezberdinei erantzuteko moduko tratamenduak eskaintzera jo dutela beraiek ere: «Bost lan arlo edo programa ditugu gaur egun; horietako bat propio patologia dualak eskaintzeko darabilgu: Eraiki izena du». Zailtasunak ez ditu ezkutatzen De la Huerdak: «Tratamendua zailagoa da patologia duala dagoenean». Drogekin, usu, buruko gaixoek beren oinazeari aurre egiteko ahalegin etsi bat egiten dutelaadierazi du, eta ez dela erraza hori tratatzea: «Zenbaitetan kontsumoak botikaren lekua bete du, eta buruko eritasunaren desorekak gainditzen lagundu duela uste du gaixoak. Baina, jakina, ulertu behar du, azkenean, mendekotasunak egoera zaildu egiten duela».
Zurruntasunik gabe
Askotan zurruntasunak albora utzita jarduten dutela azaldu du.«Zenbaitetan, jomuga ez da abstinentzia osoa; zenbait egoeratan kontsumoa urritzen joatea da helburua, eta ondoan egotea garrantzitsua da». Familiarekin ere aparteko lana egin behar dela argi du, egoeraren zailtasuna ulertarazteko, onartzen laguntzeko: «Zenbaitetan familiak nahiago du mendeko pertsona bat buruko gaitzak jotakoa baino; badirudi buruko gaitzez aritzea gehiago kostatzen dela». Ezkortasuna saihesten saiatzen dira, hala ere: «Guk beti erreparatu nahi diegu pertsona horren aukerei. Diagnostikoan pentsatu beharrean, pertsonan pentsatzen saiatzen gara... Ezin dugu pentsatu diagnostiko jakin bat duelako ezingo duenik aukerarik izan».
Patologia dualak taxuz tratatzeko orduan zerbitzu hobea eskaintze aldera, hala ere, oraindik lana egin behar dela nabarmendu du Ortigosak:«Gaixo horiek tratatzen ditugun guztiok elkarrekin lan egiten saiatu behar dugu. Sare moduan egin behar dugu lan; profesional guztiok ulertu behar dugu elkarren beharrean garela, eta sarritan ez da erraza izaten».
Soslai berriak
Urteotan ikusi duten beste aldaketa nabarmen bat da urrun geratu dela drogen kontsumoagatik itxuraz bizitza guztiz hondatuta daukaten pertsona mendekoen soslaia. Heroinaren kontsumora oso lotuta egon zen profil hori, baina kokaina, anfetamina edo kalamura jotzen duten pertsonak heltzen zaizkie usuen egun. Sarri askotan itxuraz taxuz eraikitako bizitza egitasmoekin —«lana, bikotekidea, seme-alabak...»— azaltzen zaizkiela esplikatu du De la Huerdak. «Baina bizitzaren alde emozionalean galdu egiten dira: ito». Eta horixe lantzen saiatzen dira. «Gatazken aurrean beste era batean jarduten laguntzen diegu... Emozioen lanketa oinarri-oinarrizkoa da gure jardueran. Izan ere, adikzio baten atzean beti dago zerbait. Patologia larriak ez dira beti izaten, jakina. Baina beti dago emozioen istorio bat atzean; adikzioak dituzten pertsonak zaurgarriagoak dira sufrimenduarekiko. Usu aterabiderik ez diote ikusten sufrimenduari substantziak kontsumitu gabe».
Ortigosak esplikatu du bidean baztertu egin dituztela maiz amets xaloak: «Hasi ginenean oso gazteak ginen, eta lanerako gogo handia genuen. Baikorragoak ginen akaso tratatzen genituen kasuekin, baina behin eta berriro erortzen ziren pertsonak ikustea oso mingarria zen... Egun pertsonaren araberako helburu doiagoak jartzen ikasi dugu: zuhurragoak». Ezinbestekoa dela dio: «Zifrek erakusten dute zenbait pertsonak, behin droga baten mendean erorita, behin eta berriro erortzeko arriskua dutela». Buruko gaitzak, gehienetan, arazo horien atzean egoten direla argi du, eta, horregatik, prebentzioaren aldeko borrokan beti irmo jarraitu behar dela defendatzen du. Bestalde, abstinentziaz bestelako helburuei so jardutera eraman ditu beraiek ere esperientziak behin baino gehiagotan:«Egun, zenbaitetan, pertsona horien abstinentzia osoa lortzera baino, haien bizi-baldintzak hobetzera jotzen dugu, pertsona horien bazterkeria saiheste aldera. Badira pertsonak beti mendeko izatea erabakitzen dutenak; hautu bat da, eta eskubidea dute arta egoki bat jasotzeko... Ildo horretan ere ibilbide interesgarria egin dugula iruditzen zait».
Egun tratatzen dituzten pertsonen «bizitza estiloei» ere tentuz erreparatzen dietela esan du Ortigosak. «Garai batean baino doiago dihardugu. 80ko hamarraldian heroina arrapaladan sartu zen, eta atzetik, hiesa... Zur eta lur geratu ginen guztiok horri guztiari begira. Ordutik aldaketa handiak izan dira, eta planteamendu osoa dugu egun, giro eta talde ezberdinetan segitu behar diren prozeduren inguruan. Pertsonalizatzera jo dugu. Garrantzitsuena pertsona da: haren ingurumaria». Adinak ere zer esana du:«Ezin da berdin tratatu kalamura katigatuta dagoen nerabe bat edo kalamua utzi nahi duen 40 urteko guraso bat; ezberdina da».
Andreak: tabuak apurtzen
Ortigosak ere azaldu nahi du urteotako beste aldaketa bat: «Generoaren irizpidea presente dago orain». Lan handia egin dela nabarmendu du: «80ko hamarraldian oso andre gutxi etortzen ziren gurearen antzeko zerbitzuetara; hori bai, haien gaineko estigma askoz ere handiagoa izaten zen. Oso-oso egoera txarrean iristen ziren normalean guregana». Aldatu da egoera: «Egun, emakumeen premiak aintzat hartu, eta emakume gehiago hurbiltzea lortu dugu. Alkoholarekiko mendekotasuna tratatzen, esaterako, gizon adina emakume ditugu egun; aintzat hartzeko modukoa da hori. Ez da poztekoa, jakina, baina ulertu behar da mendekotasun kasu horiek lehen ere bazirela hor; andreen kontsumoa askotan, ordea, isilpean egon da, gordean». Gizakia Helburun ere tratatzen dituzten emakumezko gehienak alkoholaren kontsumoagatik tratatzen dituzte. De la Huerda: «Argitara atera da kontsumo hori: tabu hori».
Droga. Mendekotasunen tratamenduak
Ertz ugari ditu mendekotasunak
Mendekotasunak tratatzeko orduan gero eta gauza gehiago hartzen dira aintzakotzat, ahalik eta erarik onenean erantzuteko beharrei, osoenean; bide horretan, gero eta argiago ikusi da maiz estuki lotuta daudela buruko eritasunak eta mendekotasunak. Horri erantzuteko bideetan urratsak abian dira, baina zeregina franko dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu