Arabako Lurralde Auzitegiak ebatzi du ertzain bati zipaio deitzea ez dela delitua, «ez baitio ertzainaren ohoreari kalte egiten». Adierazpen askatasuna aintzat hartuta, auzitegiak ertzainen jokabidearekiko «kritika» moduan hartu du hitz hori, gaur El Correo egunkariak dakarrenez.
Amurrioko Tubos Reunidos enpresako langileen greba egun bateko liskar baten ondorioz iritsi zen salaketa Arabako epaitegira. Ertzaintza enpresa ingurura joan zenean, langile batek adierazpen batzuetan zipaio deitu zien EAEko polizia autonomikoei; «muturrekoak emanez eraso egin baitigute», esan zuten.
Ertzaintzak atestatu bat egin zuen, baina auzitegiak atzera bota zuen joan den maiatzean. Espainiako Fiskaltzak helegite bat jarri zuen, baina hori ere ez du aintzat hartu epaitegiak.
Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak «harridura» adierazi zuen atzo komunikabideetara igorritako oharrean. Zerbitzu judirikoak ebazpena aztertzen ari direla ere jakinarazi zuten. Estefania Diaz de Herediak Segurtasunerako zuzendariak elkartasuna adierazi die inplikatutako ertzainei. Azpimarratu zuen Ertzaintza beti izan dela «instituzio zintzoa» eta ez dituela «halako irainak» merezi.
Ertzain bati 'zipaio' deitzea ez dela delitua ebatzi dute
Adierazpen askatasuna aintzat hartuta, Arabako Auzitegiak dio ez diola ertzainen ohoreari kalte egiten

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu