Goizaldean izan da, 04:00ak aldera eman du abisua SOS Deiak Eusko Jaurlaritzaren larrialdi zerbitzuak: pertsona baten bila ari ziren uretan, Ibaizabalen, Bilboko San Inazio auzoaren eta Zorrotzaurre ibarraren artean. Bi ordu geroago baieztatu dute gorpu bat topatu dutela.
Hildakoa 22 urteko gazte bat zen, Eusko Jaurlaritzak berak jakinarazi duenez. Zarandoa etorbidean aparkatua zegoen auto bat behartzen ari zen gaztea, polizien arabera; patruilan ari ziren ertzain batzuek atzeman dute. Beti polizien esanetan, gazteak korrika ihes egin du, eta uretara bota du bere burua; korronteak eraman du herrestan.
Suhiltzaileak eta Gurutze Gorrikoak joan dira lekura, eta goizaldeko seiak aldera aurkitu dute gaztearen gorpua, San Inazio eta Elorrieta auzoen artean, uretan. Bilboko Auzitegi Medikuntzako Zerbitzura eraman dute gorpua, eta ikerketa bat abiatu du Ertzaintzak.
Segurtasun Sailak azaldu du gertakarien inguruetan behartutako zortzi auto aurkitu dituztela; leihoak hautsita eta barruak nahasita zituzten ibilgailuek. Ustez gazteak lapurretan harrapatutakoak motxila batean aurkitu dituzte, bestalde.
Bilbo #ura
— SOS Deiak - 112 (@112_SOSDeiak) April 8, 2021
Tamalez, pertsona hilda topatu dute.
__
Desgraciadamente se ha encontrado la persona sin vida. https://t.co/vwgJAc7ZKbpic.twitter.com/M8oI6sz1Zn