euskal herria

Ertzaintza Aske Gunean sartu da kolpeka, eta Ibero atxilotu du

Ertzaintza Donostiako Aske Gunean sartu da, "bortizki", eta Ekaitz Ibero atxilotu dute; astelehenean zigortutakoak ez dituzte atxilotu. Gorenak absolbitu egin zuen Ibero, baina beste atxilotze agindu bat zuen. Bideoa: Iberoren atxiloketa. [YouTube]http://youtu.be/JBn0UwARzLs[/YouTube]

2013ko apirilaren 10a
18:03
Entzun

BERRIAk jakin duenez, Ertzaintza Donostiako Bulebarrean zegoen Aske Gunean sartu da gaur goizean LABek eman duen prentsaurrekoaren ondoren. Han zirenak inguratu egin dituzte, eta zigortuak lurrean eseri dira. Gorenak Ibero absolbitu zuen arren, Ertzaintza horren bila jardun da.

Ibero identifikatu dutenean astelehenean zigortuak izan zirenak gainean jarri zaizkio babesteko, eta Ertzaintzak kolpeka atera ditu. Ez ditu atxilotu, ordea, eta Ibero bakarrik eraman dute. Kolpeen ondorioz ospitalera eraman dute beste gazteetako bat.

Atzo altxatu zuten Gazte Gunea Bulebarrean, astelehenean zigortutako gazteei elkartasuna emateko. Torturapeko deklarazioetan oinarrituta, Gorenak kartzelaldia berretsi zien zortzi gazteri. Atzoko agerraldian gazteek esan zuten ez zutela onartzen epaia, eta hautsi egin zuten. 

Atxiloketa salatzeko, Eleak mugimenduak kontzentratzera deitu du eguerdirako.

Bost ertzain zauritu

Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazitakoaren arabera, bost ertzainek ubelak izan dituzte gazteekin tirabiran. Horietako bi Mutuara eraman dituzte zauriak artatzera, baina euren egoera ez da larria, iturri beraren arabera.

Segurtasun Sailak dio Ibero atxilotzeko unean han bildutakoek "bortizki" jardun dutela ertzainen aurka, eta horregatik, borrak erabili behar izan dituztela.

Larunbatean manifestazioa

Auzitegi Gorenaren epaia salatzeko eta eskubide politikoak aldarrikatzeko, manifestazioa egingo dute larunbatean, 17:00etan, Bulebarretik irtenda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.