Alaves-Atletico Madril partidaren harira, Atletico Madrileko eskuin muturreko talde bat iritsi da gaur goizean Gasteizera; 118 lagun ziren, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera. Istiluak sortzeko material ugari konfiskatu dizkie Ertzaintzak, besteak beste, makilak, buru berokiak, kolpatzeko errodamendu metalikodun eskularruak eta hainbat sinbologia ultra.
Goizeko 08:30ak aldera atzeman dituzte, ustez Frente Atleticoko eskuin muturreko taldea tabernak dauden gune batera hurbildu eta ostalaritza establezimenduko altzariak jaurtitzen hasi direnean. Botilak ere jaurti dituzte. Segurtasun Sailaren arabera, ez da zauriturik izan.
Ertzaintzak identifikatu egin ditu. Identifikatutako pertsona guztiei aktak eta Kirolaren Legeak zehaztutako prozedurak irekiko dizkiete. Segurtasun Sailak ohar bidez azaldu duenez, «jarrera bortitz horiek direla eta, etortzeko erabili dituzten bi autobusetara lagundu zaie pertsona horiei, jatorrizko lekura itzul zitezen». Arabatik irten ostean, Guardia Zibilak hartu du autobusen ardura.