politika

Ertzaintzak atxilotu ditu Aritz Labiano eta Haritz Gartxotenea

Gaur Auzitegi Nazionalean aurkeztu behar zuten bi gazte zarauztarrak Santa Barbaran zintzilikatu dira. Bideo batean azaldu dute zergatik ez diren aurkeztu auzitegira. Anonimo baten salaketa batean oinarrituz, urtebeteko kartzela jarri zien epaileak.

2011ko apirilaren 27a
18:50
Entzun

Aritz Labiano eta Haritz Gartxotenea gazte zarauztarrek gaur zuten euren buruak espetxeratu zitzaten Auzitegi Nazionalean aurkezteko eguna, 12:00etan. Egunsentian, ordea, Zarauzko (Gipuzkoa) Santa Barbaran zintzilikatu dira Utzi pakian leloa duen pankarta zabalduz. Ertzaintzak inguruetan daudenak identifikatu ditu, eta arratsaldean atzeman ditu Labiano eta Gartxotenea.

Gazteek aurretik Interneten euren burua zergatik ez duten Auzitegi Nazionalean aurkeztu azaltzen duen bideoa jarri dute, YouTuben. Gari Berasaluzek eman du horren berri Berriketan.info euskarazko sare sozialean. Atzo manifestazioa izan zen Zarautzen gazteei elkartasuna adierazteko.

Anonimo baten salaketa batean oinarrituz, urtebeteko kartzela jarri zien epaileak Labiano eta Gartxoteneari. Ustez, Gora ETA! oihu egin zuten manifestazio batean.

Gaur arratsaldean udalbatza elkartuko da Zarautzen, agintaldiko azken saioan. Zarauztar talde batek udalbatzara joan eta Labianok eta Gartxoteneak salaketa anonimoaren aurrean jasaten duten egoera salatzera deitu dute. 20:00etan Udaletxe enparantzan manifestatzera deitu dute.

[YouTube]http://youtu.be/NXnGaqkkNGU[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.