Atxiloketak

Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu Plentziako ez-festetan

Atxilotuetako bat adin txikikoa da. Hainbat herritarrek gaitzetsi dute Ertzaintzak istiluen aurka erabilitako materiala, eta elkarretaratzera deitu dute arratsalderako.

Ertzaintza, bart, Plentzian (Bizkaia). BERRIA
Paulo Ostolaza.
2021eko irailaren 1a
08:36
Entzun

Ertzaintzak herrietako eta hirietako ez-festei atxiloketekin erantzuten jarraitzen du. Atzo ziren hastekoak Sanantolinak Plentzian (Bizkaia), eta, horri erantzuteko, ertzain asko mobilizatu zituzten udalak eta Eusko Jaurlaritzak.

Gauen sartu da Polizia Plentziako alde zaharrean, eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, irainekin eta botilen jaurtiketekin erantzun dute. Gauzak hala, hiru lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, haietako bat adin txikikoa, desordena publikoak eragitea eta agenteen aurka egitea egotzita.

Sarean, herritar batek baino gehiagok gaitzetsi du Poliziaren jokabidea, besteak beste, egin duten istiluen aurkako materialaren erabileragatik. Irudietan agenteak ikus daitezke herritarren aurka foam jaurtigailuak jaurtitzen, behar baino distantzia txikiagora.

Udalak aurretik jakinarazi zuen Ertzaintzarekin elkarlanean zebilela festak oztopatzeko: «Ertzaintzari jakinaraziko diogu zeintzuk diren gure beharrak, eta adostuko dugu zer egin», adierazi zuen Elixabete Uribarri alkateak (EAJ).

Gertatutakoa salatzeko, Uribe Kostako GKSk elkarretaratzera deitu du gaurko, 19:30erako, Jazarpenaren aurrean, klase elkartasuna lelopean. Sozialistek elkartasuna adierazi diete jazartuak, zaurituak eta atxilotuak izan direnei.

Argi utzi dute Plentziakoa ez dela kasu isolatu bat, eta Euskal Herriko beste leku batzuetan gertatutakoekin lotu dute bart gauekoa: «COVID-19aren aitzakipean burgesia gizarte are totalitarioago bat ezartzen ari da. Poliziak duen betebeharra ordena burgesa mantentzea eta langileriaren askatasun politikoak jazartzea da» adierazi dute. Alderdi politiko instituzional guztien jarrera ere gaitzetsi dute.

«Balioen krisia»

Azken asteetan ohikoak bilakatu dira istiluak ez-festetan, baita ohiko larunbatetan ere. Donostian, adibidez, Ertzaintzak hamalau lagun atxilotu zituen joan den larunbatean; haiei ere desordena publikoak eragitea eta agenteen aurka egitea egozten diete.

Iñigo Urkullu lehendakariak hizpide izan zuen gaia atzo, eta kezka agertu zuen «balioen krisi» horren aurrean. Lehendakariaren iritziz, gazteen hezkuntzan dago arazoaren jatorria, eta ertzainak irakasleekin alderatu zituen. Goraipatu egin zituen Poliziaren «sakrifizioa, konpromisoa eta ahalegina», eta gaitzetsi egin zuen «osasunaren alde eta delituen aurka» egiten dutenei jazartzen zaizkienen jarrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.