Atxiloketak

Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu Villabonan, Donostian eta Urretxun

Istiluak eragitea egozten diete, eta Poliziari gauzak botatzea. 20 eta 26 urte artean dituzte.

Ertzaintza Donostiako Alde Zaharrean, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko uztailaren 25a
14:19
Entzun

Bart gauean hiru lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Gipuzkoako hiru udalerritan: Villabona-Amasan, Donostian eta Urretxun. Poliziaren arabera, hiruretan istiluak izan dira gazte batzuen eta agenteen artean, eta gazteei egotzi diete ertzainei gauzak botatzea, eta zaborrontziak gurutzatu eta erretzea. Ustez, bi agente zauritu dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, Donostian Alde Zaharrean gaueko 2:30 aldera hasi dira herritar batzuk agenteei botilak eta bestelako gauzak botatzen. Zaborrontziak gurutzatu eta erretzea ere egotzi diete, eta hiru eta erdiak aldera 25 urteko mutil bat atxilotu du Ertzaintzak. Han zeuden hainbat testiguren arabera, Poliziak foam jaurtigailuekin erantzun du.

Villabona-Amasan egoera antzekoa izan da, betiere Segurtasun Sailaren arabera. Suhiltzaileek ere hartu dute parte, zaborrontziak itzaltzeko. Goizeko bostak aldera atxilotu dute 20 urteko gazte bat, eta Ertzaintzak jakinarazi dituen bi agente zaurituak istilu horien emaitza izan dira.

Urretxun, berriz, kale zurrutean ari ziren lagun batzuen aurka egin du Ertzaintzak goizeko hiru eta erdietan. Atxilotua 26 urteko mutil bat izan da.

Beste hainbat herritan gertatu diren antzeko gertaeren berri ere eman du Jaurlaritzak. Mutrikun (Gipuzkoa) 22 lagun identifikatu dituzte landetxe batean festa bat egiteagatik, eta Plentzian (Bizkaia), berriz, bi lagun zauritu dira, ustez, kale zurrut batean sortutako borroka batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.