Espainiako armadako sarjentu bat -28 urteko M.R.V.- tiroz zauritu dute bart gauean Donostian, Loiolako kuarteletik gertu, Uba pasealekuan. Herrizaingo Saila aipatuta, EFE berri agentziak zabaldutako informazioaren arabera, sorbaldan jaso zuen tiroa, eta Donostia Ospitaleko larrialdi zerbitzuetara eraman dute. Gaur arratsaldean eman diote senda-agiria.
Informazioa nahasia zen oso atzo azken orduan, eta gauerdirako ordu erdi eskas falta zela, ETAren atentatuaren hipotesia ezin zela baztertu adierazi zuten Espainiako Barne Ministeriotik, nahiz gero hipotesi nagusia hori ez zela zehaztu zuten.
Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak bart goizaldean agertu duenez, Ertzaintzak ez du ETAren atentatuadela adierazten duten behar adina zantzurik bildu. Gainera, hasiera batean erasotzaileak bi zirela zabaldu bazen ere, azkenean, pertsona bakar bat izan zela agertu dute iturri ofizialek sarjentuaren beraren lekukotasunean oinarrituta.Ertzaintzaren iduriko, pertsona bakar bat izanik murriztu egiten da ETAren aukera, erakunde armatu horretako kideak ez direla bakarka aritzen iritzita. Nolanahi ere, gertatutakoa ikertzen jarraitzen du Ertzaintzak, hipotesi bakar bat ere baztertu gabe.
Era berean, ETAren aukera "ia baztertutzat" du Joan Mesquida Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak. Gertaeran "gauza ilunak" daudela uste du Mesquidak, eta militarraren azalpenak "kontraesanak" dauzkala.