Bilboko Auzitegiak Ertzaintzako hogei goi karguren izendatzeak baliogabetu ditu, haiek hartzeko salbuespenezko arrazoirik ez zegoela argudiatuta. Auzitegiaren arabera, kontratazioen garaian ez zegoen postu horietarako premiazko beharrik.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zerbitzuen batzordeko formula baten bidez izendatu zituen hogei goi karguak. Haien artean intendenteak, komisarioak, eta Gipuzkoako eta Arabako buruak daude.
Otsailean kargutik kendu zituzten komisario batek eta intendente batek jarri zituzten erabakiaren aurkako helegiteak, eta Bilboko Auzitegiak azaroan eman ditu bi epaiak.
ELAk Herrizaingo Sailaren jokabidea salatu du, "Ertzaintzaren egituran beste kaos egoera bat sortu baitu".