URTEGIAK

Esako urtegiaren maila azken bost urteotako baxuena da

Azken hilabeteotan uraren mailak behera egin du etengabe eta une honetan %15 besterik ez dago beteta

EDURNE ELIZONDO- IRUÑEA
2005eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Ia hutsik. Nafarroako Esako urtegiaren barrua agerian gelditzen ari da, aurtengo udako lehortearen ondorioz. 470 hektometro kubikoko edukiera du, baina 72 baino ez daude beteta, hau da, %15. Iaz, garai berean, 126 hektometro kubiko ur baziren, %27 alegia.Euskal Herriko urtegi nagusien artean Esakoarena da egoerarik larrienetakoa. Nafarroan bertan, bestelako datuak ematen dituzte gainerako urtegiek. Eugi urtegiaren %52 dago beteta, esate baterako. Askoz ere txikiagoa da hori, ordea, 21 hektometro kubikoko edukiera baita. 65ekoa da Allozkoaren edukiera, eta %25 dago beteta une honetan.Bardeako Ubideko Ureztatzaileen Elkarte Nagusiko kideek baliatzen dute, besteak beste, Esako ura haien lurretan. Urte hidrologikoa irailean itxi du Ebroko Ur Konfederazioak. Hau da, lurrak ureztatzeko Esako ura hartzeko garaia amaitu da irailarekin batera. Aurtengo kezkak uxatu dituzte, beraz, nekazariek, baina, ez, ordea, hurrengo urtekoak.Ebroko Ur Konfederazioko kideak, hain zuzen ere, datozen udazken eta neguan zenbat euri eta elur eginen duen iragartzen duten datuei so dira egunotan. «Ohiko urtea izanen dela diote aurreikuspenek», azaldu dute erakunde horretako prentsa bulegotik. Aurtengo lehorteak eragin duen egoera gainditu ahal izateko, ordea, ezohiko urtea behar dela uste dute konfederazioko adituek.Datorren urteko martxoan edo apirilean hasiko da lurrak ureztatzeko kanpaina, berriz ere, eta Ebroko Ur Konfederazioan ez dute argi Esaren egoera orduan nolakoa izanen den. «Euri edo elur gutxi egiten badu, urtegiak akaso ez du behar bezala bere hartara itzultzeko aukerarik izanen. Ikusteko dago zer gertatuko den».Esako urtegiaren egoera, dena den, izan da aurtengoa baino okerragoa. 2000. urteko irailean, hain zuzen ere, urtegiak dituen 470 hektometro kubikoetatik 58 baino ez zeuden beteta, hau da, %12. Egoera larri hura, ordea, berehala gainditu zuen Esak, 2001eko maiatzean 410 hektometro kubiko beteta baitziren, hau da, bere edukieraren %87.

Erabiltzaileek kudeatzen dute ura

Esaren egoera okertuz joan da azken hilabeteotan. Abuztuan %40 zegoen beteta. Joan den astean %17. Orain, %15. Uda hasi zenetik gertutik jarraitu dute Esako urtegiko ura kudeatzen dutenek haren egoera. Erabiltzaileek erabakitzen dute, hain zuzen ere, urtegian dagoen ura nola erabili eta kudeatu. Hau da, urtegitik zenbat ur hustu.Duela bi aste, hain zuzen ere, bilera egin zuten Bardeako Ubideko Ureztatzaileen Elkarte Nagusiko kideek, eta urtegitik segundo bakoitzeko 4,5 metro kubiko ur ateratzea erabaki zuten. Ebroko Ur Konfederazioak hainbat alerta egoera aurreikusten ditu urtegientzat. Esan, oraingoz, ez da alerta egoera nagusia piztu. «Ureztatzeko kanpaina amaitu ondoren, ibaiaren emari ekologikoari eustea eta ur-horniketa bermatzea da lehentasuna», azaldu du Ebroko Ur Konfederazioak. Eta gaineratu du ez duela uste oraingoz bi helburu horiek betetzeko arazorik izanen denik.Hurrengo asteetako eta hilabeteetako eguraldiak erabakiko du Esako urtegiak hobera edo okerrera eginen duen. Barruak erakusten jarraituko ote duen. Edo ura itzuliko ote den orain agerian den lokatza estaltzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.