Iñaki Urresti Biebako presidenteak adierazi duenez, bi arrazoiren eraginez eraikiko dira etxe gutxiago. Alde batetik, promotoreek maileguak eskatzeko «sekulako arazoak» dituztelako, eta, beste alde batetik, salerosketak jaitsi egin direlako. 2006an baino ia 3.000 etxe gutxiago saldu ziren joan den urtean, %18 inguru gutxiago hain zuzen. «Jendeak uste du prezioak jaitsi egingo direla epe laburrean eta zain dago badaezpada ere», esan du.
Halere, Urrestiren hitzetan, salneurriak ez dira herritarrek uste bezainbat jaitsiko. Biebak egindako ikerketaren arabera, batez beste %2 jaitsi zen bigarren eskuko etxeen prezioa iaz, eta metro koadroko 3.971 euro ordaindu ziren; ordea, etxe berriena %5,65 igo zen, eta metro koadroa 4.172 euroan saldu zen.
Salneurriak «egonkortzea» eraikitzaileentzat «positiboa» dela gaineratu du. «Prezioen igoerak elur pilota efektua du, lurzorua ere garestitu egiten delako. Beraz, ziklo aldaketaren bat gertatuz gero edo, sektorearen arriskua oso handia izaten da».
Era berean, etxea saldu artean pasatzen den denbora ere handitu egin dela adierazi du Biebak. 2006an etxe berri bat saltzeko batez beste 140 egun behar izaten ziren, 2007an 203. Bigarren eskuko etxe bat saldu artean 122 egun pasatzen ziren batez beste 2006an, iaz, berriz, 156.
Bestalde, Biebako presidentearen arabera, eraikuntzako langile kopurua egonkortu egin da. 2006an 41.100 lagun aritzen ziren sektorean, iaz 6.000 gehiago. «Urtebetean %5 igo da eraikuntzako langile kopurua, baina geldialdia nabari dugu gainerako sektoreetako datuekin alderatuta», adierazi du.
Lan istripuei dagokienez, datuak gero eta hobeak diren arren, oraindik askotan gertatzen direla nabarmendu du, eta prebentzio neurriak hobetzearen beharra aldarrikatu du.