Eskaintzak bai, baina itunik ez irakasle arloan

Jaurlaritzak proposamen gehiago ipini ditu mahai gainean: irakasleen ordezkapen eta baimenak hobetzea, adibidez. Xehetasun gehiago nahi dute sindikatuek, eta bermea

Hezkuntza publikoko greba egun bateko manifestazioa. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Aurreko bileretan baino balorazio positiboagoak, baina adostasunik ez. Irakasleen arloko mahaiaren bilera izan zuten atzo Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek. Proposamen gehiago egin zituen gobernuak: besteak beste, ordezkapenetan eta baimenetan hobekuntzak egitea. Sindikatu gehienek urrats gisara ikusi dute, baina ez akordioa sinatzeko adina. Zehaztasunak falta direla nabarmendu dute LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk, eta proposamen gehiago. Gogorrago aritu da ELA: «etsigarritzat» jo du bilera, eta berriro protestan hasteko nahia agertu du. Bi aste barrurako jarri dute hurrengo bilera, maiatzaren 4rako. Zehaztasunak landuko dituzte orduan. Hezkuntza Sailak adierazi du pausoak ematen ari direla.

Bi urte eta gehiago dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan protestan hasi zirela. Joan den ikasturtean ekin zieten grebei, eta zazpi egun egin dituzte ordutik; azkenak, martxoan, 14an eta 15ean. Azken asteetan izan dira mugimenduak. Gatazkan zeuden lau mahaietatik hirutan akordioak lortu dituzte: heziketa berezian, Haurreskolak partzuergoan, eta garbiketan eta sukaldeetan. Akordio horietan hautsi egin da ELAren, LABen eta Steilasen arteko aliantza; hiru itunak sinatu ditu LABek, Steilasek heziketa berezikoa onartu du, eta ELAk, batere ez. Sindikatuen arteko aurrez aurrekoak sortu dira.

Hiru sektore horietan akordioa eginda, irakasleena soilik falta da. Pisu handieneko mahaia hori da. Azken bilera orokorra urtarrilean egin zuten, eta suminduta atera ziren sindikatuak, gobernuak ez zuelako eskaintzarik egin. Azken asteetan alde biko bilerak egin dituzte sindikatuek eta Hezkuntza Sailak, eta sindikatuek itxaro zuten berritasunak izatea bileran. Horren lekuko, datorren aste osorako antolatutako greba eten egin zuten ELAk, LABek eta Steilasek.

Ordezkapenak eta postuak

Hauek dira Hezkuntza Sailak eskainitako berritasun nagusiak:3 urtekoen geletan hogei ikasle baino gehiago daudenean, errefortzuak jartzea; premia bereziak dituzten geletan eta ikastetxeetan laguntza areagotzea; baimenak handitzea; eta gaixoaldian soldata osoa kobratzea. Adinarekin lotutako proposamen bat ere bada: 60 urtetik gorakoei orduak jaistea, baina funtzionarioei soilik —guztiei jaistea nahi dute sindikatuek—.

Gai horien alboan, badira pisu handia hartu duten beste auzi batzuk. Batetik, ordezkapenak. Haur eta Lehen Hezkuntzan ordezkoak lehen egunean jartzea proposatua du sailak —Lehen Hezkuntzan hirugarren egunean jarri dute ordezkoa orain arte—. Ordezkapenak bosgarren egunetik hirugarren egunera aurreratuko dituzte DBHn, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan. Sindikatuek diote irakastaldi guztietan lehen egunean jarri behar dela ordezkoa. Gobernuak onartu du hori, baldin eta aurreikusitakoa edo astebetetik gorakoa baldin bada ordezkapena.

Beste gai pisutsua lanpostu kopuruarekin eta behin-behinekotasunarekin lotutakoa da. Jaurlaritzak iragarria du agintaldi honetan 5.000 postu eskainiko dituela, eta horrekin behin-behinekotasuna jaitsiko dela. Sindikatuak eta gobernua ez dira ados jartzen zenbatekoa den behin-behinekotasuna gaur egun: gobernuak %27 dio, eta sindikatuek, %38. Atzoko bileran lanpostu gehiago eskaintzea aipatu zuten Jaurlaritzako ordezkariek: beste 500. Haien datuen arabera, behin-behinekotasuna %13an egongo litzateke hala.

Lanpostu horiei buruz zehazki galdetuta, Hezkuntza Saileko iturriek BERRIAri adierazi diote Espainiako aurrekontuen arabera daudela postu horiek. Betetze tasarekin eskaini ahalko lituzkete 5.000 postu, baina Madrilek aukera jarriko luke beste 500 postu «gehigarri» eskaintzeko. Aurrekonturik baden, aterako dituzte, edo ez.

Mobilizazioekin zer?

Aurreko bileran baino balorazio hobea egin dute sindikatu gehienek: sumatu dituzte aurrerapausoak, nahiz eta handiagoak eskatu. Zehazki, proposamen gehiago eskatu dituzte ordezkapenei dagokienez —irakastaldi guztietara zabaltzea—, eta egindako eskaintzak zehazteko eta bermatzeko. Epeez ohartarazi du CCOOk: gainean dela ikasturte amaiera, eta ordurako sinatu nahi dutela ituna.

ELAren balantzea izan da irmoena. Ohartarazi du Jaurlaritzak ez daukala negoziatzeko «borondaterik», eta ez dagoela «grebak berreskuratzea beste biderik». Sindikatuaren esanetan, izan ere, «mobilizazioen araberakoa» da negoziazioa Jaurlaritzarekin. Horretan bat datoz LAB eta Steilas, grebek bultzatu dutela negoziatzera Hezkuntza Saila, baina ez dute argi esan aurrerantzean zer egingo duten. LABek, adibidez, gaur du bilera afiliatuekin. Hiru sindikatuak elkartuko dira gero, proposamen bat adosteko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.