Eskisabel eta Ugartemendiak ez diote zilegitasunik eman Parisko Auzitegiari

Frantziak euskal gatazkan duen arduraz ohartarazi diote epaimahaiari, ahozko saioaren lehen egunean

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Atzo hasi zen Peio Eskisabel lasartearraren eta Manu Ugartemendia errenteriarraren aurkako epaiketa Parisko Auzitegian. ETAko buruzagi izatea egozten die auzitegiak 2005eko apirileanFrantzian atxilotu zituztenetik preso dituzten biei, eta erakunde armatuko kide direla onartu zuten biek. ETAn egindako lanaz «harro» daudela esan zuten, gainera. Erakunde armatuan sartzeko izan zituzten arrazoiak azaldu zizkioten epaimahaiari historiaren errepaso luzea eginda, eta euskal gatazkan erantzukizuna izatea egotzi zioten Frantziari. Berak epaitzen ari diren Parisko Auzitegia Frantziako Estatuaren ordezkari izanik euskal militanteak epaitzeko zilegitasunik ez duela ohartarazi zuten.

«Epaimahai berezi hau Euskal Herria Frantziarekin eta Espainiarekin aurrez aurre jartzen duen gatazka politikoaren parte da. Beraz, auzi hau auzi politiko bat da, eta zuek ez duzue inolako legitimaziorik gu juzkatzeko, ezta gure herriak askatasunaren alde, nazio gisa izatearen alde eta autodeterminazio eskubidearen alde egindako borroka juzkatzeko ere», esan zuen Eskisabelek bi epaituen izenean.

«Borrokaren zio politikoak azaltzeko prest», agertu ziren epaiketa gelan, baina «ETAko partaide gisa egindako lanari buruz inolako zehaztapenik» ez zutela emango zehaztuta.

Biak euskal preso politikoak direla ere aldarrikatu zuten, eta estatus hori onartzea zein «Euskal Herrira aberriratzea» eskatu.

1522an Espainiak eta Frantziak euskal lurraldeak indarrez bereganatu zituztenetik, euskal herritarrak espainol ala frantses bihurtzeko ahaleginetan ari direla salatu zuen Eskisabelek. «Gu ez gara ez espainolak ezta frantsesak ere. Guk euskaldun izan nahi dugu, eta euskal estatu batean bizi, askatasunean, nazio askeek osatutako Europa batean», adierazi zuen. «Askatasuna maite baitugu, askapen borrokan parte hartzea ezinbesteko eginbeharra dela uste dugu».

Gogor salatu zuten bere esanetan Frantzia euskal izaera ezabatzeko ezartzen ari den politika: euskara hizkuntza ofizial izendatzea oraindik ez onartu izana txarretsi zuten, eta Iparraldeko hiru lurraldeak departamentu batean biltzeari uko egin izana.

Espainiarekin bat egin eta azken 40 urteetan euskal herritarren atxiloketa, espetxeratze, deportazio eta estradizioetan parte hartu duela salatu zuten. Frantziak GAL babestu zuela ere bai, eta hainbat euskal herritarren bahiketa eta hilketetan zerikusia izan duela. Jon Anzaren kasua espresuki azaldu zuten. «Torturaren garapenean» Frantziak Espainiarekin bat egin duela ere ohartarazi zuten, «torturapean lortutako deklarazioetan oinarritutako estradizio eskaerak ontzat ematen dituelako».

Goizean hasi, eta arratsaldean amaitu zen lehen saioa, 17:30ean. Orduan hartu zuten etxerako bidea presoei babesa emateko Lasartetik eta Errenteriatik autobusean joandako herrikide gehienek. Gaur jarraituko du epaiketak, eta apirilaren 5era arte luzatuko da. Egun horretan emango du epaia auzitegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.