Hezkuntza

Eskolako Historia liburu bat atera du Ikas-ek, Euskal Herritik ikusirik

Maite Urmeneta irakasleak XIX. mendeaz egin du liburua, kolegioko laugarrenekoentzat. Ikasgelan ustiatzeko tresnak gehitu dituzte.

Mauleko zapatagintza fabrika batean (Ainarak) langileak. EZEZAGUNA
Iñaki Etxeleku.
2023ko azaroaren 3a
14:37
Entzun

Maite Urmeneta Historia-Geografia irakasleak XIX. mendeko Historia liburu bat argitaratu du Ikas euskal pedagogia zerbitzuarekin. Kolegioko laugarren mailako ikasleen programarako pentsatua da, eta Euskal Herriko erreferentziekin egina. Horrez gain, ustiapen pedagogikorako tresna bat baino gehiago pikoan eman dituzte irakasleentzat.

«Frustrazio luze baten ondorioa» izan dela salatu du Maite Urmenetak. Frantziako Hezkuntza Ministerioak ditu programak finkatzen. Azkenean, Historia Frantziako Estatuaren ikuspegitik ekarria zaie ikasleei irudimenean. Urmenetak erabaki zuen lanari lotzea, Euskal Herriko ikuspegira ekartzeko. «Ohartu naiz nehork ez zuela eginen; guhaurek egin behar genuela». Urteetako buruhaustea zuen, gainera: «Nola uztartu programa ofiziala eta gure Historia?». Lortu du, eta Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkariak ontzat eman du. «Ikuskariak prezatu du, eta begi onez ikusi. Hemendik goiti, ikusiko».

Mendeari lotuak zaizkion Euskal Herri guziko elementuak sartu ditu, horra arte Ipar Euskal Herriko ikasleei erakusten ez zitzaizkienak: «Karlistaldiak, eman dezagun; hemen ez dira ikasten».

Industria, nazionalismoa

Industrializazioaren garapen mendea da XIX.a. Euskal Herriak ere ezagutu du, nahiz desberdintasun handiak izan Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren artean. Halere, Hazparneko eta Mauleko zapatagintza, Baionako olak eta Bizkaiko meatzaritza elkartu ditu liburuan Urmenetak. «Bistan da Iparraldeak ez duela Europakoa eta Bilbokoa bezainbesteko industrializazioa ukan, baina, halere, Hazparneko zapatagintza biziki inportantea izan da hemengo».

Orduko beste errealitate bat aipatzen da liburuan, adin bertsuko ikasleentzat gogoetagai izan daitekeena: haurren lana. Hor ere, Euskal Herriko irudiak bildu ditu. «Betidanik banuen irudi klasikoa, liburuetan agertzen dena: Ingalaterrako eta Eskoziako haurrak ehungintzan lanean ari, ortutsik». Euskal Herriko irudiak xerkatzean, laster ohartu da ez zela hain urrun joaterik, Zuberoan eta Bilbon ere bazirela argazkiak. «Ohartu naiz aski errazki idealizatzen duela nork bere Historia. Badira errealitate gordina erakusten duten puntu batzuk». Gainera, irudimena Frantziako Hezkuntza Ministerioak behartu programetarik ekarria da liburuetara. Euskal Herriko irudimen bat ekarriz, gaia ez du «erakargarriago» baizik egiten. «Ez da batere gauza bera; bestenaz, iruditzen zaigu dena biziki urrun gertatu dela».

XIX. mendearen erditsuan gizarte oldartzeak gertatu ziren Europan gaindi. Karlistaldiei buruzko atala sartu du egileak liburuan, Euskal Herria ez baitzen oldarraldi horietarik aparte bizi. «Nihaur ohartu naiz zentzua zuela Frantziako Iraultzatik landa aipatzea. Frantziako Iraultzak leku handia hartzen du Frantziako Historian, eta, azkenean, horren segida da; ez da, esplikatu ziguten bezala, kalapita bat errege ondorengoan. Europako mugimendu orokorrago batean sartzen da», ondorioztatu du Urmenetak.

Kapitulu berean, Agosti Xahoren eta Sabino Arana Goiriren figurak ekarri ditu;,Europa zeharkatu zuten nazionalismoen inguruko gogoeten seinale. ««Gaurko nazionalismoa eta egoerak ulertzeko horraino joan behar da; ikusteko noiz galdu ditugun gure antolaketa propioak, eta noiztik hasi ziren horien aldarrikatzen».

Europatik kanpoko inperioen kolonizazioak ere aipagaietan dira. Irakasleen arabera, ezberdina izan daiteke aipua. «Gehiago sartu naiz konkistan eta horren ondorioetan», esplikatu du Maite Urmenetak. Gaur egungo itxuratze batzuk baliatzeko parada izan zaio liburua, gainera, «jakin-mina pizteko». Jean-Louis Davantek idatzi eta berriki eman den Abdelkader pastoralaren azala jarri du kolonizazioaren ilustrazioetan. «Historia ondarearen balorizatzea ere bada, eta saiatu naiz ahal den guzietan lotura egiten aktualitatearekin, kultur eragileekin; interesa pizten ahal duen kasu guztiekin». Ber gisan egin du euskararen debekatzea aipatzeko atalean, Josu Martinezen Anti film laburreko irudi bat txertatuz. «Gure ikasleek halakoak ikusten baitituzte».

Liburua ezagutarazi

Orain, bigarren mailako Historia-Geografia irakasleei ezagutarazi behar die liburua Ikasek. Urmenetak ez du baztertzen formakuntza edo aurkezpen egun bat egitea erakusteko. Azpimarratu du berrikuntza bat dela liburuarekin proposatuak diren euskarriena. «Liburua paperean eta formatu digitalean dute, eta horrekin ustiapen pedagogikoa, bideo batzuk eta irudi bankua. Gaur egun, irakasle batentzat frantses munduan diren erraztasun horiek guziak orain arte Historian ez ziren euskaraz».

Ez dira horretan gelditzekoak Urmeneta eta Ikas, XIX. mendearen ondotik, XX. mendeari lotuko baitzaizkio urte hondar honetarik goiti. «Abentura handia izan da, eta pentsatzen du fiteago joanen dela aldi honetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.