Eskolatik zubigintzan

UEMAk eta Huhezik proiektu bat jarri dute martxan hemezortzi herritan, ikastetxeetan euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko. Mondragon Unibertsitateak antolatutako jardunaldi batzuetan, gurasoek ziurtatu dute egitasmo baliagarria dela.

euskara eta kulturartekotasuna
Ezkerretik eskuinera: Egiguren, El Gahouti eta Mendizabal, Mondragon Unibertsitatearen jardunaldietan. GOTZON ARANBURU / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun

Urduera, arabiera, errumaniera, ukrainera... Gero eta hizkuntza gehiago entzuten dira Euskal Herriko ikastetxeetako atarietan, eta horrek erronkak sortu dizkie herririk euskaldunenetako eskolei ere. Zer hizkuntzatan egin behar dira ikasturte hasierako bilerak? Nola berma daiteke euskaraz ez dakiten gurasoek ere eskolako ekintzetan parte hartzea? 

Korapiloa askatzeko asmoz, Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan izeneko egitasmoa jarri dute martxan UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Huhezi Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak. Orain hiru ikasturte abiatu zuten egitasmoa, eta hemezortzi herritara zabaldu dute dagoeneko. Proiektua ezarrita daukaten hiru herritako gurasoek beren esperientzien berri eman zuten Mondragon Unibertsitateak joan den hilean antolatutako Euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza komunitateetan jardunaldietan; kontatu zuten nola balio izan dien hormak arrakalatzeko eta zubiak eraikitzeko. Guztia euskara ardatz gisa hartuta.

parte hartzaileak

  • 2021-2022ko ikasturtean. Zaldibian (Gipuzkoa) abiatu zuten proiektua. 
  • 2022-2023ko ikasturtean. Aizarnazabalen, Ibarran (Gipuzkoa), Leitzan (Nafarroa) eta Ondarroan (Bizkaia) hasi ziren proiektua lantzen. 
  • 2023-2024ko ikasturtean. Ikasturte honetan, lanketa beste hamahiru herritan ere egiteko asmoa daukate: Alegian, Asteasun, Azpeitian, Itsasondon, Legorretan, Lizartzan, Mutrikun, Oñatin, Orion (Gipuzkoa), Arbizun, Beran (Nafarroa), Areatzan eta Markina-Xemeinen (Bizkaia).

Zaldibia (Gipuzkoa) izan zen abiapuntua, proiektua martxan jarri zuten lehen herria. Hango Lardizabal herri eskolako gurasoa da Zineb El Gahouti. Adierazi duenez, azken urteetan geroz eta familia gehiago etorri dira herrira Euskal Herritik kanpoko, eta ikusten zuten «arazo bat» zegoela: «Eskolan bilerak-eta zeudenean, ikasgelako familien erdiak baino gehiago ez ziren joaten». Ondorioztatu zuten hizkuntzagatik zela, ez zutelako ulertzen esaten zena.

Erremedioa jarri zioten «arazoari»: martxan ipini zuten euskara eta kulturartekotasuna uztartzen dituen proiektua. Orain, El Gahoutik azaldu duenez, ikasturte hasierako bilerak euskaraz egiten dituzte, eta Telegram bidez itzultzen: «Jarduera presentziala denean, gaztelerara itzultzen da euskara ez dakitenentzat, eta mezuak direnean, bakoitzak bere hizkuntzara itzultzeko aukera dauka». Gainera, bileren dinamika ere aldatu dute: lehen zatian, eskolak informazioa helarazten die, eta, bigarrenean, talde dinamikak egiten dituzte.

Pixkanaka hedatzen

Zaldibiaren atzetik, beste hamazazpi herri elkartu dira egitasmora. Bigarren ikasturtean batu ziren herrietako bat da Ondarroa (Bizkaia), eta Zaldupe eskolako gurasoa da Josu Egiguren. Azpeitia (Gipuzkoa), berriz, azken urtean elkartu da; hango Ikasberri ikastolan ikasten dute Amaia Mendizabalen umeek. Zaldibian probatzen hasitakoa pixkanaka txertatzen ari dira batean zein bestean. 

Azpeitian lehen urtea dute, eta, Mendizabalen hitzetan, «herri mailako» proiektua da. Ikusi zuten lehen egitekoak izan behar zuela proiektua gurasoei esplikatzea, eta bilera batera deitu zituzten: «Sorpresa hartu genuen, ehun guraso etorri baitziren, eta hori asko da. Gainera, guraso horietatik hogei ez ziren euskaldunak. Horietako ia denek inoiz ez zuten parte hartu ikastolako batzar batean; ez zuten ikastolaren funtzionamenduaren ia berririk». Uste du bileraren «arrakasta» horrelako zerbait egiteko zegoen «behar handiaren» erakusle dela. Adibide bat jarri du: «Ama saharar batek batzar horren bukaeran esaten zigun: ‘Gure kulturan oso garrantzitsua da ongietorria; norbait berria datorrenean oso bero hartzen dugu. Ni umea jasotzera etortzen nintzen, eta, batzuetan, inork ez zidan kasurik egiten, eta inork ez zidan deitzen. Zenbat aldiz egin dudan negar etxera joatean... Behar zen horrelako zerbait’». Harremanak eraikitzeko baliagarria iruditzen zaio Mendizabali: «Agian, orain arte patioan inor agurtu gabe zegoen guraso atzerritar horri aukera bat ematen zaio beste harreman batzuk egiteko. Ameliak-eta [Barquin, Huheziko irakaslea] beti esaten dute dinamika horretatik jada lehen elkarrizketa bat eduki duzula, eta hurrengoan, agian, kalean agurtu egingo duzula... Harreman bat hasteko modua izan daiteke».

«Proiektu honen ardatzetako bat da komunitate desberdinen artean zubiak eraikitzea».

AMAIA MENDIZABALAzpeitiako gurasoa

«Uste dut kontzientziazio pixka bat egon dela, bai guraso autoktonoena bai euskaldunak ez direnena».

ZINEB EL GAHOUTIZaldibiako gurasoa

«Argi eta garbi ikusten da guraso gehiago daudela batez ere ikasturte hasierako bileretan».

JOSU EGIGUREN Ondarroako gurasoa

Horiek horrela, ekitea erabaki zuten, eta ikasturte hasierako bileretan txertatu zuten egitasmoa. «Huhezik eta UEMAk oso landuta daukate guraso bilera horiek nolakoak izan behar duten, zer egin dezakegun euskara ardatz izaten jarraitzeko bilera horietan, baina denok parte hartu ahal izateko», adierazi du Mendizabalek. Telegram bidezko itzulpen zerbitzua eskaintzen hasi ziren, eta, Zaldibian gertatu zen moduan, bileren dinamika aldatu zuten: «Proiektu honen beste ardatzetako bat da komunitate desberdinen artean zubiak eraikitzea. Orduan, aipatu ziguten talde dinamikak egin behar zirela guraso bileretan: gurasoak taldeetan jarri, elkarrekin lan egin...».

Halatsu ari dira Ondarroan ere. Itzulpen zerbitzua jarri eta bileren egitura aldatu ez ezik, bestelako egitasmo batzuk ere abiatu dituzte. Esaterako, guraso elkarteak antolatutako hitzaldietan ere eskaintzen dute zuzeneko itzulpena; kulturartekotasun jai bat antolatu dute; eta hilean behin merienda bat egiteko asmoa dute, «familiak hurbilduz joateko». Eta, Egigurenen hitzetan, ez daude geldirik egoteko. Familialagunak egitasmoa ere hasi nahi dute ikasturte honetan edo hurrengoan: «Kanpoko familiak heltzen direnean, eskolan zerrenda bat egongo da familia boluntarioekin, eta familia berriei esango diete: ‘Eskolaz kanpoko ekintzak daude; guraso elkarteko bulegoa hemen dago, ordutegi honetan...’».

Lanaren emaitza

Egindako bilera eta lanketa saldoa ari da emaitzak ematen. Mendizabalek parte hartze handiagoa dagoela nabarmendu du: «Orain arte, euskaldunak ez zirenak ez ziren asko hurbiltzen ikastolako gauzetara. Aurten, guraso bileretan, ikastolako 40 familia ez-euskaldunetatik 28-30 etorri dira». Bat egin du El Gahoutik: «Parte hartzea handiagoa da, jendea jakitun dago eskolan zer pasatzen den... ‘Ez noa, ez baitut ulertzen’ aitzakia jada ez dago, ngazteleraz badakitenentzat behintzat. Halere, arazoa da guraso askok ez dakitela gazteleraz ere». Halaber, «kontzientziazioa» ere goraipatu du: «Kontzientziazio pixka bat egon da, bai guraso autoktonoen partetik, bai euskaldunak ez direnen partetik». Ondarroan ere nabaritu dute aldaketa: «Harreman zuzen-zuzena ezin dut esan asko-asko egin denik, baina zerbait bai. Eta argi eta garbi ikusten da guraso gehiago daudela batez ere ikasturte hasierako bileretan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.