«Ezustekoak» iragarriak zituen EH Bilduk Barakaldoko BEC erakustazokan egin behar zuen ekitaldirako, eta ezustekoak egon dira, egon direnez. Horietako bat, Arnaldo Otegik Logroñoko espetxetik bidalitako mezua izan da, Bateragune auziko sarekada gertatu zenetik hiru urte bete ziren egunean.
Otegiren ahotsa grabatuta entzun da BECen, eta haren mezua ere oso argia izan da: autonomismoaren zikloa «amaituta» dago, Espainiako Estatuarekin akordio bat iristeko aukerak gero eta gutxiago dira, eta, hortaz, independentziaren aukera gero eta errealago bilakatzen da: «Espainiako Gobernuak ez du Irlandan bezala bukatu nahi izan, eta, azkenean, Quebecen edo Eskozian bezala amaitu beharko du».
«Irtenbide demokratikoen agertokia» zabaltzeko beharra nabarmendu du, «espetxeak hustu eta kaleak bete», esan duen moduan, eta, horretarako, elkarrizketa prozesu bat irekitzeko beharra azpimarratu du, «baina ez instituzio batean itxita, eragile guztiei irekita baizik». Horretarako, botoa EH Bilduri emateko deia egin du: «Guk dagoeneko botoa eman dugu postaz, eta ziurtatzen dizuet Logroñoko espetxeko patioan gehiengo absolutua eskuratu dugula», gaineratu du entzuleen txaloen artean.
Gobernuan eta kalean
Oin bat kalean, bestea instituzioetan. Begi bat orainean, bestea eraiki nahi den etorkizunean. Apur bat «betoker eta herren» izateko gonbita egin die EH Bilduko lehendakarigai Laura Mintegik BEC erakustazoka betetzen zutenei, eta hitzeman die gobernua lortuta ere EH Bilduk ez diola «kalean» egoteari utziko.
«Ari, ari, ari, Laura lehendakari» oihu artean hartu dute Mintegi entzuleek, eta EH Bilduko hautagaia ere ziur agertu da koalizioak irabaziko duela. Horren bermetzat jarri du koalizioaren izaera bera: «Bateratze prozesu batetik gatoz, elkar errespetatzen eta elkarri hitz egiten ikasi dugu. Elkarrekin hartu ditugu erabakiak, eta akordiorako gaitasun hori da gure balio politiko nagusia», esan du.
Irudimena eta sorkuntza aldarrikatu ditu Mintegik, «gauza berriak» egiteko beharra, «orain arte egin ez dena egin nahi dugulako: Euskal Herria pertsona askez osaturiko estatu libre bilakatzea»; eta gezurtatu du eredu neoliberala dela aukera bakar eta saihetsezina: «Gauzak bestela egin daitezke, bestelako politika ekonomiko bat egin daiteke».
Politikari ez direnak hizlari
Ezusteko gehiago izan da EH Bilduren kanpainaren ekitaldi nagusian. Deigarrienetako bat, ekitaldiaren izaera bera: Mintegi ez beste hizlari guztiak ez dira koalizioko hautagaiak izan, kultur munduko gonbidatuak baizik, eta haien berbaldiek literatur ariketatik eta gogoetatik izan dute gehiago ohiko mezu politikoetatik baino.
Amets Arzallus bertsolariak lurraldea, herria eta nazioa izan ditu hizpide, eta aberria «jendea» dela esan du. «Gure oinarria hitza da, eta hitz horretan mintzo den jendea da gure herria. Euskaraz aritzen naizen oroz independentziaz ari naiz».
Antonio Alvarez Solis kazetari espainiarrak, berriz, «euskal nazioan» duen konfiantza berretsi du: «Zuek independentzia eskuratzen baduzue, nik ere independentzia eskuratzen dut. Zuek askatasuna lortzen baduzue, nik ere askatasuna lortzen dut. Irabazi behar duzue; ez ahaztu mundu osoarentzat laborategi handi bat zaretela», gaineratu du.
Dantzariak, Tolosako Et Incarnatus orkestrak, Petti abeslariak eta Oihana Bartra eta Julio Soto bertsolariek ere parte hartu dute ekitaldian.
BEC betetzeko helburua zuen koalizioak, eta horretan behintzat ez da ezustekorik izan: erakustazoka bete egin dute, lepo bete ere, eta 12.000 lagun inguru egon dira Barakaldoko aretoan.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Eskoziako bidea hautatzeko eskatu du Arnaldo Otegik espetxetik
BEC erakustazoka mukuru bete dutenei «kartzelak husteko eta kaleak betetzeko» deia egin die bere mezuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu