Esku libreko gailuarekin gidatzea debekatuko dute laster Frantzian

Istripuak murrizteko neurriak gogortuko dituzte.Errepideetan hildakoen kopuruak gora egin du

Ekainaren 30ean ezarriko du indarrean Parisek ibilgailuetako esku libreko gailuen kontrako debekua. J. C. RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
2015eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Sakelako telefonoa eskuetan erabiliz gidatzea soilik ez, entzungailuak ezarrita eta esku libreko gailuarekin gidatzeari ere atea itxiko dio aurki Frantziak. 2014an gora egin zuen herrialdeko errepideetan hildakoen kopuruak: hamabi urtean behera egin ostean, 3.400 lagun zendu ziren, 2013an baino %5 gehiago. Hori dela eta, zirkulazio ezbeharrak murrizteko 26 neurri berri hartuko ditu Parisko gobernuak, eta tartean dago esku libreekin gidatzea debekatuko duena: autoan ez ezik, motorrean eta bizikletan ere galarazita egongo da esku libreko telefonoak erabiltzea. Ibilgailuen gidariek entzungailuekin kanpoan dauden zaratetatik ez isolatzea du helburu neurriak. «Ez entzungailurik, ez eta kablerik ere ibilgailuen barruan; gidarien arreta desbideraeta istripuak eragin ditzakete».

Zirkulazio plana berritzeko beharraz ohartarazi du Bernard Cazeneuve Barne ministroak, eta jakinarazi ekainaren 30ean jarriko dutela indarrean. Gidatzean mugikorrari erantzuteko aukera bakarrak, beraz, ibilgailuen barruan integratutako esku libreko sistemak izango dira udatik aurrera.

Mugikorren kontrakoak, dena den, ez dira erabat ase; ez dute askitzat jo debekua. Adituen arabera, izan ere, gidatu bitartean telefonoa hartzeak %30 jaisten du gidarien arreta, eta erdira gutxitzen ikus eremua. Frantziako Gobernuak, hain justu, gidarien «arreta faltari» egotzi dio zirkulazio ezbeharretan hildakoen gorakada. François Hollande buru duen gobernuak, halaber, azken ikerketen emaitzak gogora ekarri ditu: besteak beste, hamar istriputatik batean, telefonoa tartean dagoela.

Bestelako neurriak ere indartu asmo ditu Frantziako Gobernuak: ibilgailua behar ez den lekuan uzteagatik ezarritako isunak 35 eurotik 135 eurora igoko ditu; abiadura kontrolak eta orduko 80 kilometroko abiaduran ibiltzeko tokiak areagotuko ditu, eta gidari hasiberrien gehiegizko alkohol tasa 0,25etik 0,2ra jaitsiko.

Hildakorik ez Euskal Herrian

Euskal Herriko errepideetan, berriz, ez da zirkulazio istripuen ondorioz inor hil Aste Santuko oporretan, hilaren 1etik 6ra bitartean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 85 ezbehar zenbatu ditu guztira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; ordea, hirugarren urtez jarraian, inon ere ez da inor hil. Ibilgailuen kopuruak, hori bai, gora egin duela jakinarazi du Jaurlaritzak. «Batez beste, iaz baino %3 gehiago ibili dira». Zirkulazioa, oro har, garaiotan ohi dena baino mardulagoa izan da, eta horrek aspaldian ikusi gabeko ilarak sorrarazi ditu Muskiz, Armiñon nahiz Biriatun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.