Urtarrilaren 14ko eguna agendan apuntatzeko eskatu dute Gasteizko hainbat eragilek. Ekaitz Samaniegoren eta beste hainbat gazteren egoera salatu nahi dute, eta haien eskubide zibil eta politikoak bete daitezela exijitu. Horretarako, mobilizazio bat antolatu dute urtarrilaren 14rako. Nahiz eta ez duten zehaztu zer molde izango duen, indarra horretan egingo dutela jakinarazi dute.
«Ahal dugulako. Nahikoa eta ongi lan egiten badugu, gaur egun mugiezina dirudien errealitatea aldatuko dugulako». Badakite ez dutela eragotziko Samaniego atxilotzea, eta ez da hori haien xede nagusia; baina hark eta beste hainbat gaztek dituzten zigorrak osorik ez betetzea lor dezaketela uste dute; «baita epaiketaren zain daudenak kartzela zapaltzera ez iristea ere».
«Eskubide zibil eta politikoen urraketa sistematikoari amaiera eman behar zaiola uste duten pertsona guztiei» haien aldeko borrokan murgil daitezen dei egin diete, eta haiek ere lan horri lotuko zaizkiela berretsi dute.
Balorazio baikorra
Samaniegorekin batera joan zen astean Los Angeles elizan egindako itxialdia baloratu egin dute. Egunero egin dituzten mobilizazioekin aurreikuspenak gainditu dituzte, eta oso gustura daude jaso dituzten bisiten kantitate eta kalitatearekin. «Finean, itxialdia hiri osoan eta Euskal Herriko txoko askotan sentitu den elkartasun eta konpromiso gune bilakatu da». Itxialdira kultura munduko pertsonak, hiriko herri mugimenduetakoak, sindikatuetakoak eta alderdi politikoetakoak gonbidatu zituzten, eta, haien ustez, horren isla da abenduaren 31ko manifestazioak jaso zuen babes zabala.
Eskubideen aldeko ekitaldia Gasteizen, hilaren 14an
Samaniegori errespetua eta elkartasuna adierazi diote hainbat eragilek agerraldi jendetsu batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu