Eskuin muturra elikatuz

Ultraeskuina antiespezismoa eta ekologismoa barregarri utzi eta animalien kontsumoa bultzatzeko mezuak zabaltzen ari da azken urteotan. Saguesen arabera, diskurtso horiek helburu nagusi bat dute: eskuinak eraikitako «hierarkia» indartu eta betikotzea.

Irati Peluaga
IRATI PELUAGA
maddi iztueta olano
Iruñea
2026ko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behi esnea edaten du AEBetako presidente Donald Trumpek: «Amerika berriro ere osasuntsu egingo duen kalitatezko esne osoa». Hala esan zuen duela hiru hilabete, eskoletan behi esne osoaren kontsumoa %2ra mugatzen zuen legea bertan behera uzteko dekretu bat sinatu ondoren. Trumpek nabarmendu zuenez, erabaki hori «garrantzitsua» da esnekien industriarentzat; «are garrantzitsuagoa» esne mota hori edaten duen jendearentzat. Ultraeskuinak beganismoari buruz zabaltzen dituen diskurtsoen inguruan galdetuta, kanpaina horrekin akordatu da Nor Euskal Herriko talde antiespezistako kide Maialen Sagues, eta horren atzean ezkutatzen dena azaldu du: «Haien arabera, olo, soja eta hur esneak mariken eta emakumeen kontuak dira».

Mezu labur, oldarkor eta irmoak helarazi ohi ditu eskuin muturrak, helburu dutenak herritarrengan eragina izatea eta zirrikituz zirrikitu gizartean sarbide erraz bat topatzea. Hala egiten dute, adibidez, sare sozialen bitartez, eta, hain justu, mugimendu antiespezistetan militatzen duten edo maskulinitate hegemonikoarekin bat ez datozen ezaugarriak dituzten gizonez aritzeko ezizen bat zabaldu da horietan: soyboy (sojazko mutila). «Woke hitzaren funtzio bera betetzen du: ideia berritzaile guztiak berdintzat jotzea, eta horiek antzuak eta erridikuluak direla sinetsaraztea». 

Borrokaren ildoa animalien askapenean ardazten du antiespezismoak. Aterki horren barruan, halere, «ismo» eta aldarri politiko asko kabitzen direla esan du Saguesek; besteak beste, kapitalismoaren eta arrazakeriaren aurka jarduten dute, betiere oinarri feminista batetik abiatuta. Beste era batera esanda, herri mugimenduen bitartez sistema eta egitura hegemonikoa iraultzea dute xede, denentzat bidezkoagoa izan dadin. «Hor dago gakoa; guretzat denentzat horrek barne hartu behar dituela animaliak», zehaztu du mugimenduko kideak. 

Ñabardura horren ondorioz, baina, antiespezismoa ez da mugimendu politiko gisa «serioski» hartua izan, Saguesen arabera. Eta ez da kasualitatea: «Elkarlanak, zaintzak eta elkartasunak garrantzi handia dute, eta gizakion artean, ezaugarri horiek subjektu batean ordezkatuta daude: emakumeetan». Ez da kasualitatea, halaber, mugimendu antiespezistetako kide gehienak «emakumeak edo genero disidenteak» izatea. 

Halere, ultraeskuinak gora egin aurretik, mugimendu antiespezistak eta beganismoak ere izan zuten gorakada nabarmen bat. The Green Revolution elkarteak Lantern aholkularitza enpresarekin lankidetzan egindako ikerketa baten arabera, dieta beganoak nabarmen egin zuen gora COVID-19aren aurreko eta bitarteko urteetan, eta behera egin zuen ondoren; 2022. urtetik, kopuruari eusten dio, hamarren batzuk gorabehera. 

Saguesek baieztatu du aldaketa hori gertatu dela: «Duela sei edo zazpi urte, ekologismoa modan zegoen, baita beganoa izatea ere. Enpresa asko hasi ziren produktu beganoak ekoizten, eta jende askori erraza egin zitzaion aldaketa egitea; jatea ekintza sozial bat baita». Kasik imitazioz nola, hala indartzen edo desagertzen dira aldian aldiko ohiturak, eta orain modan dagoena beste zerbait da, zera: proteina. Saguesen ustez, dena den bai bata, bai bestea dira arriskutsuak; finean, gorputza eta estetika jartzen direlako erdigunean, eta alternatiba oro kontsumoarekin lotzen delako. 

Tradizioaren aitzakia

Ebidentzia zientifikoei uko egin, eta iraganeko garaiei malenkoniaz begiratzen die maiz ultraeskuinak. Animalien kontsumoari dagokionez, sareetan bolo-bolo zabaldu dira haragi gorria jatea gomendatzen duten mezuak eta bideoak, argudiatuta horixe zela antzinako gizakien elikagai nagusia; eta, hortaz, horixe dela aukerarik «osasungarriena». Argudio horien zehaztasun falta nabarmendu du Nor-eko kideak: «Tradizioaz ari garenean, tradizioaren alderdi batzuez soilik ari gara». Eta esan du, adibidez, Euskal Herrian ohituratzat jotzen dela txuleta jatea, nahiz eta, oro har, urtean behin jaten den: «Benetako tradizioa emakumeek egin dute, sukaldean, patatarekin eta azarekin».

Aintzat hartzekoa da, bestalde, zer-nolako etekin ekonomikoak izaten dituzten animalien kontsumoarekin lotutako industriek. Meat Institute elkarteak egindako azken ikerketaren arabera, AEBetan soilik, haragiaren industriak 900.000 milioi dolarren salmentak izan zituen iaz. Negozioaren funtsean animalien esplotazioa dagoela gogorarazi du Saguesek: «Ordaindu behar ez diren gorputz batzuk dira, milioika izan daitezkeenak, masiboki hazi daitezkeenak… Industria honek jabe eta lobby erraldoi batzuk aberasten dituzten etekin handiak sortzen ditu, eta interes horiek babesteko joera dago». 

Finean, eskuinak bere «interesak eta boterea» defendatzen dituela esan du Nor-eko kideak, hierarkia bat mantendu ahal izateko. Hierarkia horren adibide gisa aipatu ditu, esaterako, gizontasunaren eraikitze hegemonikoa, familia nuklearra eta klase sozialak: «Olatu erreakzionario honek denok jan gaitu, nolabait. Errazena da migratzaileak esplotatzea, emakumeek zaintza lanak egitea, eta animalia zatiak merke saltzea; dena lotuta dago». Eta egiteko modu horiek sostengatzen eta sustatzen dituzten diskurtsoak lau haizeetara zabaltzeko prest dauden jarraitzaileak dituzte, mezu horiek «muturreraino» eramaten dituztenak: «Lotsak ere galdu dira; eta orain bizitzen ari garen gerra mediatiko honek oso beldurtuta nauka».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA