Euskaltzaindiaren zuzendaritzak orain lau urte erabaki zuen Euskara Batuaren Eskuliburua egitea. Proiektuaren helburu gisa jarri zuen akademiak urteotan guztietan emandako arauak eta gomendioak jasoko zituen lan “didaktiko” bat egitea. Euskaltzaindiko zuzendaritzak, izan ere, maiz azaldu du kezka azken urteetan akademiaren gizarteratzearekin.
Gogoan izatekoa da eskuliburu hori egitea erabaki zuten garaian polemika artean murgildua zegoela Euskaltzaindia; besteak beste, Gramatika batzordeak dimisioa eman zuen. Hilabete batzuen buruan bideratu zuten egoera. Andres Alberdik zuzendu du eskuliburua, eta honako kide hauek aritu dira lantaldean: Irene Arrarats, Joxe Austin Arrieta, Igone Etxebarria, Alfontso Mujika, Patxi Petrirena, Paxkual Rekalde eta Allande Sokarros.
Alberdik azaldu dutenez, “izaera eredu emailea” du eskuliburuak. “Ez da ikasmetodo bat, ezta Euskaltzaindiak emaniko arau, gomendio, onespen eta irizpenen laburpen soil eta lehorretara mugatzen den bilduma bat ere”. Hizkuntza egunerokoan drabilten euskaldun alfabetatuentzat da: “Helburu erabat praktikoa du”. Zalantza eta akats ohikoenak bildu dituzte, “pertsona horien eguneroko premien asegarri”.
Bi formatutan kaleratu dute eskuliburua. Batetik, paperean. Zalantzen eta argibideen zerrenda luze bat du liburuak, alfabetoaren arabera ordenatua, eta horiekin batera eranskinak: puntuazio markak, kalko oker nabarmen batzuk, deklinabide taulak... Bestetik, Interneten eskura dago eskuliburua: atalez atal kontsulta daiteke PDF bidez, bilatzaile bat ere badu, kontsulta zehatzak egiteko. Izatez, euskarri digitalekoa izango da proiektuaren ardatza, eguneratzeak egingo baitizkiote.
Webgune eraberritua
Euskara Batuaren Eskuliburuarekin batera, beste proiektu bat ere aurkeztu du Euskaltzaindiak: webgunea eraberritu du. Aurreko webgunearen aldean, antolaketa argiagoa egin diote, Andoni Sagarna euskaltzainak azaldu duenez. “Webgunean zegoen aberastasuna gozatu ahal izateko ahalegina egin da: askoz errazagoa izango da gauzak ikustea”. Hobekuntzak ere egin dituzte eduki aldetik. Adibidez, Orotariko Euskal Hiztegian erdarazko hitzak bilatzeko aukera jarri dute. Auspoa bildumako liburu gehiago ere sartu dituzte. Sagarnak aurreratu du eduki gehiago ere sartuko dituztela.