Espainia eta Frantzia, Palestina NBEko "estatu behatzaile" bihurtzearen alde

2012ko azaroaren 27a
16:51
Entzun

Frantziak Nazio Batuen Erakundean Palestinako estatutu aldaketaren alde egingo du, NBEren kide ez izan arren “estatu behatzailea” izan dadin bozkatuz (Vaticanoak duen estatutu bera). Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak gaur arratsaldean iragarri du.

El Pais egunkariak gaur arratsalean jakinarazi duenez, Espainiar estatuak ere babestuko luke Palestinako Aginte Nazionalak datorren ortzegunean aurkeztuko duen eskaera.

Orain arte Palestina “erakunde behatzaile” bezala onartua zen NBEn. Parisek 1982tik Palestina estatu gisa aitortzearen alde izan duen “jarrera iraunkorra” aipatu du ministroak, gogoraraziz urte horretan François Mitterand presidente sozialistak egindako hitzaldia.

Londresek, aldiz, jakinarazi du Palestina onartuko lukeela NBEn, bake elkarrizketak berriro hasiko balira eta Israel Nazioarteko Zigor Auzitegian salatzeko asmoa bertan behera utziko balitz.

Nazioartea zatitua da gai horrekiko. Austriak eskaeraren alde egingo duela esan du; Australiak, ordea, abstenituko dela. Palestinako zenbait arduradunen erranen arabera, estatutu berriaren aldeko 115 boz inguru jasoko lituzkete. Bertze 22 estatuk, berriz kontra egingo lukete; kontrakoen buru Israel eta Estatu Batuak izango dira.

Mahmoud Abbas Palestinako Aginte Nazionalaren presidenteak jakinarazi zuen azaroaren 29an “Estatu behatzaile” estatutua eskatuko ziola NBEri. Israelekin elkarrizketa hasteko prest azaldu zen Abbas, estatutu berria lortuko balu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.