Carlos Villan. Nazioarteko zuzenbidean aditua

«Espainiak badaki ezin duela jarraitu nazioartearen aurka»

IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Andoain
2012ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Egiaren batzordea sortzea behar saihetsezina dela nabarmendu du Carlos Villan (Campo de Caso, Espainia, 1950) nazioarteko zuzenbidean adituak. Horretara behartu egiten dute Espainia nazioarteko legeek, haren esanetan.

Adierazi duzu Espainian «erresistentzia» dagoela 36ko eta frankismoko krimenei buruz hitz egiteko, ikertzeko eta ardurak hartzeko. Horrela eraiki daiteke egiazko bakerik?

Ezin daiteke bake sozialik eraiki ahanzturaren eta ezezkoaren gainean. Trantsizioko justizia martxan jartzeari ezezkoa ematen dio Espainiako Gobernuak. Nazioarteko zuzenbideak dio munduan arrakastatsua dela, ordea. Espainiak ez du zertan ezberdina izan. NBE Nazio Batuen Erakundearen gomendio horiek onartu beharko lituzke, trantsizioko justizia Espainian ere garatzeko. Estatuari eskatzen zaiona da egiaren batzorde bat sortzeko; ikertzeko, objektiboki, zer gertatu zen bai Gerra Zibilean eta bai frankismoan. Egia agertzeko. Justizia eta erreparazioa ere egin behar dira. Estatuak betebehar hori dauka.

Ikusita Espainiaren jarrera zein den, egiaren batzordea sortuta ere, izango luke horrek eraginkortasunik?

Gizarte zibilak badu modua egoki ikusten dituen egiaren batzordeak sortzeko. Kontua da estatuak obligazioa duela batzorde ofizial bat sortzeko, behar diren baliabideekin. Guk hori nahi dugu, estatuak nazioarteko betebehar hori betetzea, nahiz gizarte zibilak egoki ikusten dituen batzordeak egin. Euskal Herrian, kasurako.

Espainiak ez dio jarraitzen nazioarteko erakundeen gomendioari. Beraz, egokia da nazioarteko bidea?

Ez dut uste Espainiak batere kasurik egiten ez duenik. Oharrak ondo hartzen ditu jasotako gomendioekin. Kontua da aholku horiek, efektu juridikoak izanda ere, ez direla epai judizialak, estatua ez dagoela behartuta horiek betetzera. Dudarik gabe, ordea, gomendio horiek badute efektu politikoa eta morala gobernuan, eta badute efektu juridikoa. Nahiz iruditu estatuak entzungor egiten diela, benetan oharra hartzen du jasotako gomendio horrekin. Espainiako Estatuak badaki ezingo duela luze jarraitu nazioarteko zuzenbideak eta erakundeek esaten diotenaren aurka.

Amnistia Legeaz asko hitz egin duzue. Eta Memoria Historikoaren Legea? Bete du sorturiko itxaropena?

Ez. Zoritxarrez, 2007ko lege hori oso eskasa zen gizarteak zituen helburuen aldean. Ez zuen egiaren batzorderik ezarri. Aitortu besterik ez du egin gerra zibilean eta errepresio frankistan gertatu zirela gehiegikeriak, eta erreparazio sinbolikoak jarri zituen biktima klase batzuentzat. Ez da aski. Ahaztu egin zituen hiru alde oinarrizko: egiaren batzordea sortzea, gehiegikerien justizia egitea eta kalteen erreparazioa ezartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.