Orkatz Gallastegi 2002. urtean izan zen atxilotua, eta 26 urteko espetxe zigorra ezarri zion epaileak. Gallastegiren abokatuek azaldu zuten Gallastegik bere burua errunduntzat jo zuela torturapean, eta deklarazio horretan oinarritzen zela epaia; tortura salaketak egin zituen, baina ez zituzten tramiterako onartu. Joan den ekainean, Nazio Batuen Erakundeko Torturen Aurkako Komiteak salatu zuen Espainiako Gobernuak 12. artikulua urratu zuela, eta NBEk 90 eguneko epea eman zion Espainiari kasua berriro ikertzeko. Baina, 90 egunen ostean, erantzunik ez.
Hiru hilabete igaro dira Nazio Batuen Erakundeko Torturen Aurkako Batzordeak Orkatz Gallastegiren kasuan Espainiako Gobernuak 12. artikulua urratu zuela azaldu zuenetik. Orduan NBEk adierazi zuen «tortura salaketen ondoren ikerketa azkar eta inpartzial bat ez egiteagatik» izan zela urratua hitzarmeneko 12. artikulua. Hori berriro iker zezan 90 eguneko epea eman zion erakundeak Espainiari, baina jarritako epea bete den arren, Espainiak oraindik ez du ezer esan.
Gallastegi 2002an atxilotu zuen Ertzaintzak, beste bost gazterekin batera. Haren abokatu Iratxe Urizarrek azaldu zuenez, lau egunez egon zen inkomunikatuta eta «tratu txar fisiko eta psikologikoak jasan behar izan zituen». Bitarte horretan egindako hiru deklarazioetako lehenengo bietan, kale erasoetan parte hartu izana aitortu zuen atxilotuak; hirugarrenean, berriz, Jose Maria Lidon epailearen hilketan ETAri informazioa eman izana. Gerora epailearen aurrean torturatua izan zela salatu zuela jakinarazi zuen Urizar abokatuak, eta baita atxiloaldian egindako deklarazioak ukatu zituela ere. 26 urteko espetxe zigorra ezarri zion epaileak.
NBEk egindako ebazpenaren ostean, Gallastegiren abokatuek azaldu zuten orain arte Espainiak ez duela «inoiz ezer egin» torturen aurkako hitzarmena urratzeagatik, eta azaldu zuten beldur zirela «kasu honetan ere» erabakiari «entzungor» egingo zion. Urizar abokatuak salatu zuen «torturapean egindako autoinkulpazio batean» oinarritu zutela Gallastegiren aurkako epaia.
Tortura hizpide
Tortura amaitzeko neurrien artean ondorengoak nabarmentzen dira maiz: inkomunikazio aldia ahalbidetzen duen legedia bertan behera uztea, bideokameren ezarpena orokortzea eta kontrola zorroztea, atxilotua zuzenean epailearen aurrera eramatea eta konfiantzazko medikuarekin egotea.
«Tortura, batez ere, delitu bat da. Eragotzi egin behar da, eta gertatzen denean, ikertu egin behar da, eta arduradunak epaitu. Elementu guztiak makina bat kasutan ez dira betetzen», salatu dute behin eta berriz Amnesty Internationaleko Hego Euskal Herriko eldunek. Torturen Aurkako Taldeak ere nabarmendu izan du «tortura errotik mozteko erabateko borondate politiko falta».
Estrasburgoren zain
«Atxilotuak epailearen atxilotuak dira. Epaileak agintzen du atxiloketa, eta azken arduraduna, erantzule judiziala, epailea bera da. Unai Romano bere bulegoan izan zuen epaile horrek inoiz ezingo du esan ez zuela ikusi»; «Inork ez daki bihar edo etzi zer banku lapurtu nahi duten, baina badakigu nork nor torturatzen duen, badakigu non egiten duen eta noiz. Bakarrik falta zaigu jakitea asko torturatuko ote duten edo asko baino gehiago. Eta, hala ere, Ertzaintzak 25 urtean ez du inor atxilotu torturengatik», azaldu zuen 2010ean Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ohiak.
Hain zuzen ere, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak gaur ebatziko du Martxelo Otamendik Espainiako Gobernuari egindako salaketa.
2003an Egunkaria itxi, eta inkomunikazio aldian Guardia Zibilaren eskuetan jasandako torturen harira Otamendik jarritako salaketaren epaia jakinaraziko du gaur Estrasburgoko Auzitegiak.
Espainiak «entzungor» egin die tortura salaketei
Espainiako Estatuak ez du bete Nazio Batuen Erakundeak Orkatz Gallastegiren kasua ikertzeko jarritako epea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu