Espainiak Garzon aurkeztu du CPT torturaren aurkako batzorderako hautagai gisa

Auzitegi Nazionaleko epaile ohia ez dela batzorde horretako kide izateko gai salatu dute 23 taldek

Oihana Elduaien Uranga.
2011ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Euskal herritar ugari atxilotu dituzte Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile ohi Baltasar Garzonen aginduz. Haietako gehienei inkomunikazioa aplikatu diete, eta askok eta askok, garai horretan torturak jasan dituztela salatu izan dute.

Estrasburgoko giza eskubideen auzitegiak gutxienez bi zigor jarri dizkio Garzoni tortura salaketak ez ikertzeagatik. Aritz Beristainen salaketatik etorritakoa da horietako bat. Garzonen zaintzapean zegoen Beristain, torturak salatu zituenean, eta Garzoni berari egin zion bizitakoaren kontaketa. Hark ez zuen ezer ikertu, beste hainbat kasutan bezala.

Hala ere, torturaren kontra egiteko pertsona egokia da epailea, Espainiako Gobernuaren irudiko. Horregatik, CPT Europako Batzordeko Torturaren Prebentziorako Batzordeko kide izateko bera proposatu du. Miriam Cugat eta Carlos Fernandez ere proposatu ditu.

Giza eskubideen alde aritzen diren 23 elkartek hautagaitza hori salatu dute, eta Garzon ez dela CPTko kide izateko gai ohartarazi dute. Batetik, «tortura ahalbidetzen duen» arren, eta CPTk berak baztertzen duen arren, inkomunikazioa erabili duela ekarri dute gogora. Bestetik, tortura salaketak jaso izan dituen arren, ez dituela «behar bezala» ikertu nabarmendu dute. Tortura salaketak ez ikertzeagatik CPTk berak ere Garzonen jarrera salatu izan duela ekarri dute gogora 23 elkarte horiek.

Sinatzaile horien artean Herrialde Katalanetako, Galiziako, Aragoiko, Espainiako eta Euskal Herriko taldeak daude. Besteak beste, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia, Salhaketa, TAT, Justicia i Pau, Asociacion Contra la Tortura, Asociacion de Seguimiento y Apoyo a Presos en Aragon eta Asociacion PreS.O.S Galicia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.