Koronabirusa

Espainiak iragarri du hirugarren dosia emango diela 60 urtetik gorakoei eta osasun arloko profesionalei

Izurria kontrolpean edukitzeko ahaleginetan «etenik gabeko txertaketaren» aldeko hautua egin behar dela adierazi du Espainiako Gobernuko presidenteak

arantxa iraola
2021eko azaroaren 18a
14:10
Entzun

Atzo ilunabarrean egin zuen iragarpena Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek. Horrekin lotutako hainbat eskari egin dituzte autonomia erkidegoek-eta, eta esan zuen erabaki dela COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia jartzea 60 urtetik gorakoei eta osasun profesionalei. Osasun Batzordera eraman beharko da orain erabakia, eta azken oniritzia autonomia erkidegoek eta Espainiako Gobernuak egiten duten lurralde arteko bileran emango dute.

Sanchezek nabarmendu zuen Europako beste toki batzuetako datuekin alderatuta hobeak direla Espainiako Osasun Ministerioak eskura dituenak, baina izurria kontrolpean edukitzeko ezinbestekoa dela «etenik gabeko txertaketaren» aldeko hautua egitea, eta norabide horretan egin nahi dutela aurrera.

Aurrez, asteon, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioko txertoen batzordeak esan du «logikoa» dela 60-69 adin tartea izatea dosi gehigarria hartuko duen hurrengoa.

Itxaroteko eskeak

Hirugarren dosiaren inguruan, hala ere, adostasuna ez da erabatekoa. Gaur bertan Madrilen elkartu diren hainbat gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariek esan dute herrialde aberatsenetan dosi gehigarrietan pentsatzen hasi aurretik mundu zabalera begiratu behar dela, eta populazio osoaren %40k txertoa hartu arte itxarotea komeni dela. «Izurria benetan amaitzeko» ikuspegi osoa ezinbestekoa dela nabarmendu dute, eta lekurik «zaurgarrienetara» ere begiratu behar dela. Kritikatu dute herrialde behartsuenetan populazioaren %5 dagoela txertatuta egun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.