Politika

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 'Atutxa auzi'-ko helegiteak errefusatu ditu

Juan Maria Atutxa, Gorka Knorr eta Kontxi Bilbao inhabilitatu egingo dituzte. Erabakiak bereziki Bilbaori eragiten dio, kargu publikoan segitzen duen bakarra baita. Irailean utziko dio legebiltzarkide izateari.

2008ko uztailaren 30a
17:19
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Atutxa auzi-ko helegiteak errefusatu dituela jakinarazi du gaur. Hala, Juan Mari Atutxa, Gorka Knorr eta Kontxi Bilbao inhabilitatu egingo dituzte. Atutxa Eusko Legebiltzarreko Mahaiko presidentea izan zen, eta EAJko kidea da. Knörr (EA) eta Bilbao (EB) Legebiltzarreko Mahaiko idazkariak ziren Sozialista Abertzaleak taldea ez desegitea erabaki zutenean.

Konstituzionalaren erabakiak Bilbaori eragiten dio batez ere,hiruren artean kargu publikoan jarraitzen duen bakarra baita -legebiltzarkidea da Eusko Legebiltzarrean-.

Hain zuzen ere, Konstituzionalaren erabakiaren berri izan ondoren, legebiltzarkide izateari irailean utziko diola agertu du gaur Bilbaok berak. Auzitegiaren erabakiak ez duela harritu erantsi du, eta kargua utzi beharrak arlo pertsonalean ez diola atsekabe handirik sortzen "ez bainaiz jarlekuen zalea".

Konstituzionalak ez ditu tramitera onartu hirurek jarritako babes helegiteak. Hori dela eta, hirurak inhabilitatuko dituzte, Auzitegi Gorenak epaian ezarri bezala. Sozialista Abertzaleak taldea ez desegiteagatik zigortu zituen Gorenak.

Knorrek eta Atutxak sektore pribatuan egiten dute lan gaur egun.

Bilbao zain dago Legebiltzarrak kargutik kentzeko data ezarri arte, baina aurrez aipatu bezala, irailean izango da. Urtebeterako inhabilitatuko badute ere, praktikan lau urte izango dira, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak heldu den urtean egitekoak baitira.

Gorenak urte eta erdiz inhabilitatu zuen Atutxa, eta 18.000 euroko isuna ezarri zion. Knorr eta Bilbao urtebetez inhabilitatu zituen, eta 12.000 euroko isuna ezarri zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.