Defentsako abokatuen behin eta berriz agertu izan dutenez, 18/98auziaren sorburua 75/89 aurretiazko diligentzietan dago; hau da, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazinoaleko epaileak 1989tik egin dituen diligentzietan. Horiek guztiak 75/89ko ehun mila agirietan biltzen dira, baina epaiketa hasi eta gero izan dute defentsako abokatuek haiek eskura izateko aukera, eta, gainera, ordenatu gabe jaso dituzte.
Akusazio askoren oinarria agiri horietan dagoela eta haiek aztertu gabe defentsa behar bezala egiterik ez dutela argudiatu dute behin eta berriz defentsako abokatuek. Urtarrilaren 9ko auzi saioan, Eguberrietako geldialdiaren osteko lehenengoan, lehertu zen, ordea, arazo horren inguruko egoneza. Defentsa eskubidea bermatzerik ez zutela-eta plantoa egiteko mehatxua egin zuten abokatuek, eta, ondorioz, epaimahaiak hiru asteko etena erabaki zuen agiriak azter zitzaten.
Hiru asteko etenaldi horren ondoren, gaur hasi da berriro epaiketa. Baina saioa hasi eta segituan Arantza Zulueta defentsako abokatuak beste hilabeteko etena eskatu du, hiru aste ehun mila agiri horiek aztertzeko nahikoa ez direla izan arrazoituta. Fiskaltza eta akusazio partikularra etenaren aurka agertu dira, baina, azkenean, beste bi astez epaiketa bertan behera uztea erabaki du epaimahaiak, otsailaren 13 arte.
'18/98 auzia'
Espainiako Auzitegi Nazionalak '18/98 auziko' epaiketa beste bi astez atzeratzea erabaki du
Hiru asteko etenaren ondoren, gaur ekin diote berriro Espaniako Auzitegi Nazionalean '18/98 auziko' epaiketari, baina saioa hasi eta lasterrera bertan behera geratu da berriro, beste bi astez. Epaimahaiak emandako hiru asteetan 75/89 aurretiazko diligentzietan biltzen diren ehun mila agiriak behar bezala aztertzeko astirik ez dutela izan agertu dute defentsako abokatuek, eta, beraz, baldintza horietan ez zegoela auzipetuen defentsa eskubidea bermatzerik. Hilabeteko etena eskatu dute, baina epaimahaiak bi astekoa baino ez die eman. Otsailaren 13an ekingo zaio berriro epaiketari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu