Aurore Martinen atxiloketa

Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxera bidali du Aurore Martin

Batasunean jarduteagatik ETAko kide izatea egotzi dio, alderdia Ipar Euskal Herrian legezko izanik normaltasunez aritu arrenIhes egiteko arriskua argudiatu du epaileak, «Frantzian» atxilotu dutela ohartarazita

Emakume bat, Martinen irudiarekin, atzo, Baionako Herriko Etxearen aurrean eginiko elkarretaratzean. GAIZKA IROZ.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Ostegun arratsaldean Maulen atxilotu, iluntzean Frantziako Poliziak Biriatun Guardia Zibilaren esku utzi, atzo goizean Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman, eta eguerdian espetxeratu zuten Aurore Martin Batasuneko ordezkaria. ETAkoa izatea egotzi dio Pablo Ruz epaileak. Batasuna alderdian jarduteagatik, «talde terroristako kide» izatea.

Ez da berria Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal politikariak arrazonamendu horrekin espetxeratzen dituena. Ezta euroagindu bidez euskal herritarrak Ipar Euskal Herrian atxilotu eta Espainiaren esku uzten dituena. Baina Martinen kasuak badu berezitasun bat: Iparraldekoa da. Han jaio eta bizi da, eta Frantziako nortasun agiria du.

Batasuna legezko alderdia da Frantzian, eta, beraz, Martinek Iparraldean egiten duen lan politikoa ere, zeharo legezkoa da. Baina Auzitegi Nazionalak bere esku uzteko eskatu, Frantziak hango nortasun agiria duen herritar baten aurkako euroagindu eskaera lehen aldiz onartu, eta Espainian kartzelatu dute Martin. Behin-behinean, eta baldintzarik gabe. Jone Goirizelaia abokatuak BERRIA-ri jakinarazi dionez, espetxeratzearen aurkako helegitea aurkeztuko du datorren astean.

Sei orritan bildu ditu espetxeratzea agintzeko argudioak Ruz epaileak. Martini egotzitako delituak zertan oinarritzen diren zerrendatu, eta leporatzen zaionarekiko «proportzionatua» dela dioen agindua eman du: kartzela.

Bederatzi «gertaera» zerrendatu ditu epaileak atxilotuaren aurka egiteko froga gisa: 2006ko urtarrilean Batasunaren Mahai Nazioneko kide gisa aukeratu zutela eta martxoan taldea aurkezteko Iruñean egin zen agerraldian izan zela jaso du. Iruñean, Baionan eta Ustaritzen Batasuneko beste kide batzuekin ekitaldi politiko zein prentsaurreko banatan parte hartu zuela 2006 eta 2007 urteetan. Eta 2007ko irailean Mahai Nazionalaren bilera batean izan zela Agurainen. 2008an Gara egunkarian frantsesez idatzitako iritzi artikulu batean Batasuneko kide gisa sinatu zuela, eta EHAK alderdiak Gizarte Segurantzan izan zuela eta dirua ordaindu ziola dira beste frogak. 2006 eta 2008 artean Batasuneko kide izan dela frogatutzat du horrela Espainiako auzitegiak. Frantzian Batasuna legezkoa denik ez du jasotzen, baina bai Auzitegi Gorenak 2003an legez kanpoko jo zuela.

Behin-behineko espetxealdiak «salbuespeneko» neurria izan behar duela azaltzen du ondoren autoak; «objektiboki beharrezkoa» denean soilik har daitekeen neurria dela; «beste aukerarik» ez dagoenean. Eta atxilotuari egozten zaion delituarekiko «proportzionala» izan behar duela. Ihes egiteko arriskua da, Espainiako Zigor Kodearen arabera, salbuespeneko neurria justifika dezakeen baldintzetako bat, eta horri eutsi dio epaileak.

Hala ere, bitxiak dira «Aurore Martinek ihes egiteko arrisku nabaria» dagoela arrazoitzeko plazaratu dituen zantzuak: «Argigarria da auzipetua Frantzian atxilotu eta Espainiaren esku utzi izana», dio autoak. Maulen atxilotuagatik ihes egindakotzat jotzen du horrela, Martinek bere jaioterrian ohiko bizimodu egin arren.

2010eko abenduan Frantziako Auzitegiak Martinen kontrako euroagindu eskaera ontzat eman zuenean, gorde egin zen. «Batasunan nire lan politikoa egiten jarraitu ahal izateko ezkutatzea beste aukerarik ez dut», azaldu zuen jendaurrean.

Sei hilabetez gordeta egon, eta iazko ekainean ohiko bizimodura itzultzea erabaki zuela jakinarazi zuen. Egun gutxira, atxilotzen saiatu zen Frantziako Polizia, baina berekin ziren ehunka lagunek eragotzi egin zuten atxiloketa. Berriz ere ezkutatu, eta abenduan itzuli zen eguneroko bizimodura. Tarte horretan, Ipar Euskal Herriko ideologia ia guztietako hautetsien laguntza izan du.

Eiheralarren bizi da, Baxenabarren, normal-normal. Eta hala jarraitzeko asmoa duela adierazi zion atzo Auzitegi Nazionaleko epaileari. Ruzen ustez, ordea, hori ez da sinesgarria. Gainera, epaiketa gertu egon daitekeela adierazi du epaileak, eta, beraz, ihesaren aukera handiagoa dela. Hain zuzen, Batasunaren aurkako 35/01 auzian 40 lagun ditu auzipetuta Auzitegi Nazionalak. Tramite guztiak eginda daude, eta ahozko saioaren eguna jartzea besterik ez da falta. zortzi eta hamabi urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu fiskalak akusatuentzat.

Mobilizazioak eta babesak

Bien bitartean, Martinen aurkako auzian nagusi izan diren babes adierazpenek ez dute etenik. Atzo, espetxeratzeko agindua jaso zuen une berean, Maulen, 300 herritar protestan ari ziren polizia etxearen aurrean, eta hautetsi ugarik adierazi zioten babesa Martini. Han izan ziren, besteak beste, Mixel Etxebest Mauleko auzapeza, zein Gotaine, Liginaga eta Alozeko auzapezak.

Arratsaldean, Baionan eta Donibane Garazin egin zituzten elkarretaratzeak. Baionakoan, tokiko hautetsi andana bildu zen, 400 bat herritarren artean. Besteak beste, Frederique Espagnac, Sylviane Alaux,Frantxoa Maitia, Colette Capdevielle eta Siylviane Alaux sozialistak, ABko Peio Etxeberri-Aintzart eta Batasuneko Xabier Larralde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.