Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak baztertu egin du ETAk "elkarrizketa zuzena" abiatzeko egindako eskaintza. Fernandez Diazek esan du exekutiboak ez duela negoziatuko ETArekin, eta honen desegitea eskatu du.
"Armak entregatzeko ez dago elkarrizketa beharrik", adierazi du Barne ministroak, Kongresuan, eta gaineratu du ez dagoela nazioarteko egiaztatzaileen beharrik ere, horretarako Espainiako Polizia eta Guardia Zibila nahikoa direla iritzita.
Hain zuzen, Iñaki Antiguedad Amaiurreko diputatuak euskal presoen inguruan egindako galdera bati erantzunez egin ditu adierazpenok Fernandez Diazek.
Frantziaren "elkartasuna" Espainiarekin
Bernard Valero Frantziako Atzerri Ministerioko bozeramaileak adierazi du "Euskal Herrian indarkeriaren amaiera bermatzeko Espainia egiten ari den lanarekiko elkartasuna" agertzen dutela eurek.
Europako Batzordeak uko egin dio ETAren agiriari erantzuteari.