Ordaina emanen diete, behingoz. Espainiako Gobernuak eta Apezpiku Konferentziak ituna sinatu dute gaur goizean, Eliza katolikoaren barnean gertatutako sexu abusuen biktimei «erreparazio ekonomikoa edo beste edozein eratakoa» emate aldera. Sistema «mistoa» izanen dela azaldu dute aurkezpenean, Espainiako Gobernuari lotutako erakundeek ez ezik biktimen elkarteek ere parte hartuko dutelako, eta Eliza katolikoak bere gain hartuko du kalte ordainen kostu osoa.
Mekanismo horren arabera, biktimek berek eskatu beharko dute kalte ordaina Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioan, eta, handik, Arartekoaren Biktimen Unitatera igorriko dute espedientea. Jasotako dokumentazioaren eta biktima bakoitzak eskatutakoaren arabera, arartekoak proposamen bat onduko du, eta ordain mota bat galdeginen dio Eliza katolikoari: sinbolikoa, errestauratiboa, espirituala edo ekonomikoa, kasuan-kasuan. Espainiako Elizak, bestalde, proposamena ebaluatuko du, eta txosten propioa ondu, zirt edo zart egiteko.
Balekoa jasoz gero, biktimari kalte ordaina pagatuko dio Elizak —edo bestelako erreparazio mota bat emanen dio—, eta hortxe amaituko da prozesua. Baina erantzuna ezezkoa bada edo desadostasunak baldin badaude? Halakoetan, batzorde misto bat antolatuko dute, ahobatezko erabaki bat hartze aldera. Batzorde horretan, Eliza katolikoaz eta administrazio publikoko ordezkariek ez ezik, biktimen elkarteek ere parte hartuko dute. Eta hala eta guztiz ere ezinezkoa balitz akordio batera iristea, arartekoarena izanen litzateke azken hitza. Erreparazio ekonomikoei zerga salbuespena ezarriko diete.
Zor «historikoa» eta «morala»
Ituna txalotu du Espainiako Justizia ministro Felix Bolañosek. Haren esanetan, Elizarekin sinatutako akordioak konpondu eginen du urteetako «zor historikoa eta morala»: «Hamarkadaz hamarkada, onespenik eza eta, batzuetan, gertatutakoa estaltzeko nahia besterik ez dute aurkitu biktimek, baina gaur, azkenik, esan dezakegu demokraziak bete egin duela biktimei emaniko hitza». Ministroak nabarmendu du itunaren arabera Elizarena izanen dela kalte ordainak pagatzeko erantzukizun osoa, eta estatuak ez duela «zentimorik ere» ordainduko: «Estatuak zehaztuko du biktimek jaso beharreko kalte ordaina, eta Elizak ordainduko du».
Bolañosek gehitu du ordain ekonomikoei zerga salbuespena ezarriko dietela eta atzerako eraginez aplikatuko dituztela. Hau da: onuradunak ez dira izanen hemendik aurrera eskaera eginen duten biktimak soilik, baizik eta aurretik biktima izaera aitortu zaien eta bestelako ordainen bat jaso duten guztiak.
Itunaren aurkezpenean iragarri dutenez, biktimei aitortza eta ordaina emateko epea urtebetekoa izanen da, eta aukera egonen da prozesua beste urtebetez luzatzeko. Ministroaren irudiko, denbora tarte hori «nahikoa» izanen da abusuen biktima guztiek prozedura abiatu dezaten, baina, behar izanez gero, araua malgutzeko prest azaldu da: «Epea luzatu behar bada, luzatuko da».
Biktimak, urrats eske
Euskal Herriko erakunde publikoen artean, Nafarroako Gobernua da ikastetxe erlijiosoetako sexu abusuen auzian gehien inplikatu dena. 2023tik, batzorde berezi bat martxan du, biktimen testigantzak banan-banan aztertu eta ordaina emateko. Batzorde horren bidez aitortza eta ordaina jasotako biktima batzuek begi onez hartu dituzte gisa horretako urratsak, baina Espainiako Elizari leporatu izan diote aurretik «neurri eraginkorrak» aplikatu ez izana: «Espainiako Gotzainen Konferentzian, legearen edozein zirrikitu baliatzen dute ezer ez egiteko», adierazi zuen iaz Jesus Zudairek, Elizaren Sexu Abusuen Biktimen Elkarteko presidenteak. Gaur aurkeztutako itunaz galdetu dio BERRIAk elkarteko buruari, baina oraingoz ez dute adierazpen ofizialik egin.
Euskal Herrian tantaka argituz joan da Elizaren esparruko sexu abusuen auzia, biktimek eginiko presioari esker, batik bat. 2013. urtean azaleratu zen lehen kasua, Gaztelueta ikastetxean (Leioa, Bizkaia). Garai hartan, zazpi pederastia kasuren berri zegoen Euskal Herriko Elizaren altzoan; orain, dozenaka erasotzaileren eta biktimaren berri dago. Azken kasua iragan abenduan eman zuen argitara El País egunkariak: Pablo Merino 44 urteko iruindarrak salatu zuen Jacinto Lazaro Opus Deiko apaizak sexu abusuak egin zizkiola 13 eta 15 urte bitartean zituenean, Iruñeko Irabia ikastetxean ikasle zela. Delituak preskribatuta dauden arren, Opus Deik onartu egin zuen Lazarok abusuak egin zituela, eta barkamena eskatu zuen horregatik. Erakunde katoliko horrek aitortu zuen, gainera, 1998an izan zuela kasuaren berri, biktima oraindik adingabea zela, eta ezkutatu egin zituela gertatutakoak.